Jon Odriozola: 'Sareratuz'
Jon Odriozola, Kazetaria
Donostian lehen derbia jokatu zenez gerotik, 85 urte joan dira. Nor baino nor, 67 aldiz aritu dira bizkaitar eta gipuzkoarrak. Eta igandean ere, asmo berarekin irtengo dira: jomuga, garaipena. Biak, ligako azken jardunaldian, epelak hartu zituzten. Kordoba eta Vila-realen aurka amore eman zuten. Min handia eragin duten bi begi-ondoko. Eta urtea bukatzeko askorik geratzen ez denez gero, sailkapenean gora, partida honetatik aurrera egiteko asmoarekin zelairatuko dira bi taldeak.
Realak, igandeko partida ez ezik, datorren asteazkenean jokatuko duena ere ez du erraza izango: Kopako itzulerako partida (Oviedo). Bi emaitzek txuri-urdinen etorkizuna baldintzatu dezakete hein batean, eta bide batez, baita zalegoaren hurbiltasun eta berotasuna ere. Iragan igandeko porrotak, ondoeza eragin du. Halere, etziko norgehiagoka berezia da sailkapenaren edozein postutan egonda ere.
Derbia, festa da. Derbia, adar-jotzea da. Derbia, otordua da. Derbia, urduritasuna da. Baita, Bertso Derbia ere. Jokalari guztiek jokatu nahi dute. Inork ez du kanpoan geratu nahi. Derbiaren inguruan, denok dugu norgehiagokaren bateko gol bereziren bat –edo bat baino gehiago– buruan. Atotxan, Satrustegik, buruz, Iribarri sartu zioneko hura; Nihatek, Anoetan, lau derbitan, sartu zuen gol sorta (zazpi); Satrustegik, jarraian jokaturiko bost derbitan (Atotxan) eginiko zortziak; Kodroren hiru golak, Anoetako 5-0ko hartan; Alkizak, gero bederatzi denboraldiz bere taldekide izango zirenei, Realaren garaipenaren gola egin zienekoa… Makina bat gol! Kontrakoenek, isiltasuna, amorrazioa… eragiten dute. Txuri-urdinenek, berriz, besarkadak, oihuak, irribarreak… Poza. Partida hau galtzea ez da batere samurra. Irabaztea: gozamena. Derbia irabazi osteko astelehena, urteko gozoenetarikoa izaten da. Galduz gero, berriz… astelehen-astelehena! Zama, zamaren gainean.
David Moyesek Anoeta beteta ikusi nahi duela esan zuen Elxeren aurkako partidaren ostean. Jendeak erantzungo du. Azalduko da. Animatuko du gogotik. Eta astearen azken egunean ikusiko dugu, gau heze eta hotzean, zalea, haserre edota pozik joango ote den gauerdira bidean. Burumakur edo pozik. Pesimista edo baikor. Ikatza edo oparia.