Egiako txikiek badute elkartzeko tokia
Sei urte bitarteko haurrek eta euren gurasoek Egihaurgune erabiltzeko aukera izango dute; baina momentuz bi egoitzekin moldatu beharko dira, bata arratsaldez eta bestea goizez.
Lau urte zeramatzan Egiako guraso talde batek aldarrikapen berarekin; euren haurrekin egoteko egoitza bat eskatzen. “Eguraldi onarekin erraza da moldatzea, baina euria ari duenean?”, aipatu du gurasoetako batek goizean egin duten Egihaurguneren aurkezpenean. Bai, lortu dute euren eskaera errealitate bihurtzea, baina ez beraiek nahiko luketen moduan. Auzoko Haur Txokoa 6-12 urte arteko haurrentzat irekia egoten da arratsaldeetan, eta sei urte bitarteko gurasoek lortu dute goizetan ere eurentzat irekia egotea, Egihaurgune bihurtuz. Zehazki, asteazkenetik larunbatera izango dute Atotxako dorrean dagoen egoitzaz gozatzeko aukera, eta asteazken arratsaldeetan, Txondorra eraikinean moldatu beharko dira. Gainera, aipatu dutenez, urtarriletik aurrera, arratsalde batzuetan Aitor ikastolako gimnasioa erabiltzeko aukera ere izango dute.
“Zuek hilabeteak zenituztenean hasi ginen ate joka, eta bide luze baten ondoren, udalak goizez Haur Txokoa eta eta arratsaldez Txondorra utziko dizkigu”, gehitu dute aurkezpenean. Gurasoek argi utzi dute ez direla helmugara iritsi, eta eurentzako goiz eta arratsaldez erabiltzeko lokal bat lortu arte ez dutela etsiko. Klown batek alaitu du gaurko irekiera jaia, eta ondoren, umeek jolasteko eta aurpegia margotzeko aukera izan dute. Otordu txiki batez gozatzeko aukera ere izan dute.
Haurgunearen abestia aurkeztu dute aurkezpenean, eta haur zein gurasoek elkarrekin abestu dute. Halaxe dio : Txoria bere arrautzetik / atera den bezala / zu haurra maitasun osoaz / elikatzen saiatzen gara / bakarrik hegan egiteko / Egian hegan egiteko / atsedena babesa ulermena / maitasuna duzula / zutik zuhaitzen moduan / kabia mantzentzen dugula / bakarrik hegan egiteko / Egian hegan egiteko / zuhaitz multzoa osatzen dugu / EGiako basoa / Haurgunea kabia dela / txoritxo alaiez osatua / bakarrik hegan egiteko / Egian hegan egiteko / bakarrik hegan egiteko / bakarrik hegan egiteko / Egian hegan egiteko
Egihaurguneko bazkide egiteko aukera dute jada interesa duten guztiek, urtean hamar euroren truke. “Garrantzitsuena denon atxikipen eta alkarlanerako konpromisoa da; bakoitzak ahal duen neurrian”.
EGIHAURGUNE:
- Asteazkenetik larunbatera, Atotxako Haur Txokoan, 10:00etatik 12:00etara.
- Asteazken arratsaldeetan, Txondorran, 17:00etatik 19:00etara.