Webgunea eta aplikazioa aurkeztu dituzte Igor Gonzalez Dbuseko zuzendaria, Jon Albizu Mugikortasun zinegotzia eta Javier Valleko Dbuseko plangintza eta zerbitzu burua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Webguneak .eus domeinua izango du, eta aplikazioaren erabiltzaileek edozein unetan jakingo dituzte autobusen ordutegiak QR kodeen bidez.
Webgune eta mugikorrerako aplikazio berriak aurkeztu ditu Dbusek, eta jada martxan jarri dituzte. Webgune berriak .eus domeinua izango du, eta hainbat berritasun gehitu dizkiote, batez ere Donostiakoak ez direnei begira. Horrekin batera, mugikorrerako aplikazio berria sortu dute, edozein unetan autobusen ordutegiak jakiteko.
Egunean 2.400 erabiltzailek bisitatzen dute Dbusen web orria, eta horregatik, erabiltzaileen beharretara egokitu du konpainiak. Lau atal nagusi izango ditu, hainbat zerbitzu eskaintzen dituztenak. Aipagarriena
Deskubritu hiria Dbusekin izeneko Streetview berria da, Donostiako geltokiak ondo ezagutzen ez dituztenentzat diseinatua; aukera horri esker, geltokien kokapen zehatza ezagutuko dute erabiltzaileek.
Horrekin batera, Dbusek mugikorrentzat aplikazio ofiziala sortu du. Orain arte Urban Step eta antzeko aplikazioen bitartez funtzionatzen zuen zerbitzuak, baina hemendik aurrera Android guztiek izan dezakete app berria. Jaisteko Dbusen logotipoa bilatu behar da, igel berdea, alegia. IOS mugikorrentzat laister jarriko dute aplikazioa jaisteko aukera ere.
Aplikazio ofizialak aurreko web mugikorra ordezkatzen du Javier Ballejo Dbuseko plangitza eta zerbitzu arduradunaren esanetan: “Erabat doako zerbitzua da, eta lau oinarri ditu: denbora errealeko ordutegiak adieraztea, egunean teorian ezarritako ordutegi plana erakustea, ibilbideak planifikatzea eta autobusak geltokira iristeko behar duen denbora zehaztea. Azken hau erabateko berritasuna da, eta QR kodeen bitartez jakin daiteke. Gainera, erabiltzaileak ez du zertan QR irakurgailen aplikaziorik jaitsi behar, gure aplikazioak baduelako. Mota honetako merkatuko aplikaziorik onena da oraintxe”. Aplikazioak mapa ere badu, eta geolokalizazioari esker erabiltzailearen kokapena azaltzen du edozein unetan.