Euskarazko hedabideen inguruko gogoeta piztu dute
http://youtu.be/skgrw7jw2lc
Donostiako euskarazko komunikabideak mintzagai izan dituzte Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako Zaharrak berri! jardunaldien lehenengo saioan. Izan ere, hiriko euskara hutsezko komunikabideen ordezkariekin solasaldia egin zuten atzo, Lander Arbelaitz kazetariak dinamizatuta. Bertan parte hartu zuten IRUTXULOKO HITZAko zuzendari Aritz Sorzabalek, Piztu.info-ko ordezkari Ander Suberbiolak eta Ttan Ttakun irratiko ordezkari Batiste Ezeizak ere.
Solasaldia etorkizunari begira egin dute, komunikabideen kezka eta erronka nagusia hiritarrei iristea delako. Honela, eztabaidatu dituzten gaien artean teknologia berriak, Interneten presentzia, krisia eta kontsumitzaileen ohiturak egon dira. Donostiako egoera politikoa ere aztertu dute. Helburua medioen artean esperientziak partekatu eta etorkizunerako erronka berriak aurkitzea izan da. Hedabide txikiak eta tokian tokikoak izatearen esperientziez ere mintzatu dira, eta baita komunikabideen arteko elkarlanerako aukerez ere.
Gaur euskarazko beste tokiko hedabideen esperientziak jasoko dituzte, eta bertara gonbidatu dituzte Hernaniko Kronikako eta Tolosako Ataria-ko ordezkariak. Azkenik, Word kafea antolatu dute Zer egin dezakegu guk euskarazko hedabideen zabalpenean? eztabaidagaia ardatz hartuta. Hitzordua 19:00etan izango da, San Telmo Museoan.