Otsaileko denboraleak hankaz gora utzi zuen hiria. Bada, herritarrek ekaitzaren indar berarekin hartu dute ekimena. Auzoetxeak, Piraten indar erakustaldia, auzipetuen kemena eta Gure Esku Dago adibide batzuk besterik ez dira. Herritarrek ekimena hartu dute 2014an, hainbat auzotan egindako lana adibide; Bidebietan, Añorgan, Egian eta Parte Zaharrean, kasu. Lau auzo horietan auzotarren beharretara egokitutako proiektuak gauzatzen saiatu dira, leku batzuetan besteetan baino arrakasta gehiagorekin.
Cementos Rezolako lantegiko eraikin zaharra okupatu zuten, Añorgan bizitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatzeko. (Argazkia: Lide Ferreira)
Otsaileko denboraleak hankaz gora utzi zuen hiria. Bada, herritarrek ekaitzaren indar berarekin hartu dute ekimena. Auzoetxeak, Piraten indar erakustaldia, auzipetuen kemena eta Gure Esku Dago adibide batzuk besterik ez dira.
«Auzotik auzoarentzat» ari dira lan egiten, oztopoak oztopo
Herritarrek ekimena hartu dute 2014an, hainbat auzotan egindako lana adibide; Bidebietan, Añorgan, Egian eta Parte Zaharrean, kasu. Lau auzo horietan auzotarren beharretara egokitutako proiektuak gauzatzen saiatu dira, leku batzuetan besteetan baino arrakasta gehiagorekin.
Bidebietan urte oparoa izan dute zentzu horretan, Auzoenea egitasmoa gorpuzten hasi baitira, auzotarren euren ekimenez, erakundeei itxaron beharrik gabe. Urte hasieran, Auzoenea batzordea osatu zuten. Auzoko beharrak aztertu eta denen artean, auzolana eta parte hartzea sustatuz, auzoa eraikitzea dute helburu. Bidebietan urte luzez aldarrikatu dute gune publiko baten beharra. Oraingoan, ordea, urtetako aldarrikapen horri egitura bat eman diote.
Auzoenea Akordioa sinatu dute auzoko eragileek; 30 guztira. Bidebietako Institutua edo auzotarrek deitzen dioten moduan, eskola horiari erabilera soziokulturala eman nahi diote. Institutuak erabiltzen ez duen eraikin bat da, garai batean haur eskola zena, eta aurten arte hutsik zegoena.
Esan eta egin. Txukuntze lanak eginda, maiatzaren 17an, eraikinaren ateak zabaldu zituzten festa giroan. Belaunaldi ezberdinen arteko topaleku bihurtu nahi dute gune berria, auzotarrek kudeatuta. Auzoenea batzordean bildu diren herritarrek erabilerarik gabe dauden espazio publikoen erabilera arduratsuaren aldeko apustua egin dutela aldarrikatu dute; «auzotik auzoarentzat» lan egin nahi dute.
Egian ere hartu dute ekimena, antzeko helburuekin. Proiektua idatzita dute, herritarrekin egindako parte hartze prozesu baten ostean. Egiatarrek, baina, espazio fisikoaren beharra dute erronka gauzatzeko. Behar hori aldarrikatzeko, maiatzaren 1ean ekintza sinboliko bat egin zuten. Izan ere, Onkologiko zaharra okupatu zuten, eta une batez, Auzoetxea deituriko egitasmoa aurrera eramateko oinarriak jarri zituzten… Ertzaintza Egiara bertaratu zen arte, auzotarrak kaleratzeko asmoz.
Parte Zaharrean ere espazio fisiko baten beharra dute, auzotarren beharretara egokituko litzatekeen proiektua buruan baitute. Kanpandegi kaleko Orixe ikastolaren egoitza ohiari erabilera bat emango ziotela zirudienean, udaleko oposizioarekin egin zuten talka. Hain zuzen ere, Kanpandegi kalean Lanbide Heziketako zentro bat edo IRALEren egoitza egokitzea adostu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk, ekaineko udalbatzarrean. Parte Zaharreko Auzoetxea bertan egituratzeko proposamenari atea itxi zion erabakiak, auzoko hainbat eragilek babestutako proiektua izan arren.
Etxebizitzaren arazoa
Añorgan, berriz, auzoan bizitzeko nahia aldarrikatzeko baliatu dute okupazioaren tresna. «Nola lortuko dugu Añorga bizi bat ezin badugu Añorgan bizi?». Etxi gabe mugimenduak galdera honekin ekin zion bere ibilbideari urrian, etxebizitzaren arazoarekin kezkatuta. Bada, herri ekimen horren xedearekin bat egin zuten Añorgako zenbait gaztek azaroan, Cementos Rezolako etxebizitza zaharrak okupatu baitzituzten lau egunez, etxe handia izenez ezagutzen den eraikina, Añorgan bizi nahi dugu eta Hemen ez bada, non leloekin.