Oposizioak behin betiko onartu zuen bide publikoa terrazekin okupatzeari buruzko ordenantza, Bilduren kontrako botoekin, martxoko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, udal gobernuak ohartarazi zuen adostutako araudiak ez dituela udal teknikariek egindako txostenak kontutan hartzen, «bai segurtasun arloan, baita bizilagunen atseden eskubideari dagokionez ere».
Parte Zaharreko hainbat bizilagun izan dira udalbatzarrean, euren haserrea adierazteko. (Argazkia: Lide Ferreira)
Oposizioak behin betiko onartu zuen bide publikoa terrazekin okupatzeari buruzko ordenantza, Bilduren kontrako botoekin, martxoko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, udal gobernuak ohartarazi zuen adostutako araudiak ez dituela udal teknikariek egindako txostenak kontutan hartzen, «bai segurtasun arloan, baita bizilagunen atseden eskubideari dagokionez ere».
Partaidetza zinegotzi Axier Jaka haserre azaldu zen oposizioak babestutako ordenantzarekin. Ostalariekin eta bizilagunekin bilerak egin zituztela esplikatu zuen, akordioa lortzeko. Bizilagunen emendakin asko onartu zituztela jakinarazi zuen, baina oposizioaren jarrerak «ostalarien onurarako» ordenatza bat ekarri duela esan zuen, «konplexurik gabe, ostalarien interesak interes orokorraren gainetik jarri eta gero».
Parte Zaharreko hainbat bizilagun udalbatzarren aretoan izan ziren, protesta egiteko, hauek ere haserre.
Oposizioaren iritziari dagokionez, PSE-EEko zinegotzi Susana Garcia Chuecak adierazi zuen segurtasuna bermatuta ez dagoela esatea «gezurra» dela. PPko bozeramaile Ramon Gomezek esan zuen baldintzak bete dituztela: «Terraza bat altxatzeko bost segundo behar dira». EAJko zinegotzi Juan Ramon Vilesek, aldiz, esan zuen onartutako ordenantza egokia dela: «Hiri osorako eta hiritar guztientzako ordenantza bat da, ez turistentzako bakarrik».