'Musikatu bizitza' izango da Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren abestia
Datorren urteko maiatzean izango da Emusik hirian, eta hiru egunez, mila kontzertu baino gehiago jasoko ditu; Beasaingo Garazi Zabaletaren sorkuntza aukeratu dute kantu nagusi moduan.
Musikatu Bizitza, halaxe izena du Emusik 2016 jaialdiaren abestiak. Europako Musikari Gazteen Jaialdia da Emusik, eta datorren urtean Donostian ospatuko dute, maiatzaren 5etik 8ra. Hala, mila kontzertu baino gehiago jasoko ditu hiru egunetan, milaka musikari gazteren eskutik. Jaialdiaren abestia aukeratzeko, lehiaketa bat zabaldu zuten, eta Beasaingo Garazi Zabaletaren proposamena izan da irabazlea. Piano eta solfeo ikasketak ditu Zabaletak, eta soinu banden konposizioa ere ikasi zuen; Sugan taldeko kideetako bat izan zen. Abestiaren hitzek zortzi hizkuntza nahasten diztuzte, eta zati nagusia ingelesez bada ere, euskarak ere presentzia du, besteak beste. “Lehiaketako oinarrietan ikusi nuen hogeita sei herrialdeetako musikariek parte hartuko zutela, eta harreta deitu zidan horrek. Egokia iruditu zitzaidan hizkuntza asko sartzea, eta gehien errepikatzen den zatia sortzea erronka bat izan zen”, azaldu du abestiaren sortzaileak. Jaialdiko abestiaren ikus-entzunezkoa ere egin dute, Imanol Gomezen zuzendaritzapean, musika eskolako hainbat kideren partaidetzarekin; gaur aurkeztu dute guztia, udaletxean. “Azkar egin beharreko lana izan zen, baina azken emaitza uste nuena baino hobea izan da. Grabaketen egunean sekulako hotza egiten zuen, eta partaide guztiek izan zuten pazientzia eta jarrera izugarria izan zen”, azaldu du Gomezek.
Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak egileak zoriondu ditu, egindako lanarengatik: “Musikatu Bizitza kanta ederra da, jaialdi gazte honen espiritua eta ezaugarriak islatzen dituena, baita kultur hiriburutzaren filosofia ere; izan ere, bai abestia eta bai bideoa elkarlanaren emaitza dira, esperimentalak, belaunaldien artekoak, integratzaileak, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituztenak”.
Estreinaldia, maiatzaren 9an
Jaialdia iritsi aurretik, girotzen joateko erabili nahi dute abestia arduradunek. Hala, jada Europar Batasuneko 26 herrialdeetako 6.000 musika eskoletara bidaliko da kanta; 150.000 irakasle eta lau milioi ikaslerengana iritsiko delarik.
Mikel Mate Donostiako Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak aurreratu duenez, aurtengo maiatzaren 9an egingo dute abestiaren estreinaldia, Anoetan: “Europaren Egunean, maiatzaren 9an, Anoetan egingo dugun ekitaldi batean estreinatuko dugu abestia, 5.000 eta 6.000 musikariren eskutin, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean”. Hala, 2016ko inaugurazio ofizialaren entsegu orokor gisa erabiliko dute. Musika eskolaren webgunean kantaren partiturak jarriko dituzte otsailean, eta nahi duen edonork erabili eta parte har dezake estreinaldian. 30.000 lagunentzako tokia dagoela azaldu du Matek, beraz, musikazaleak parte hartzera animatu ditu.
Emusik bi edo hiru urtean behin egiten da Europar Batasuneko estatu kide batean. Maiatzean izan ohi da, eta Europako musikari gazteen topaketa handiena da. Aurrekoak honako tokietan izan dira: Munich, Alemania, (1985); Estrasburgo, Frantzia, (1989); Eindhoven, Holanda (1992); Budapest, Hungaria (1995); Bartzelona, Katalunia (1998); Trondheim, Norvegia (2000); Berna, Suitza (2002); Malmö, Suedia eta Kopenhage, Danimarka (2004); Budapest, Hungaria (2007); Linz, Austria (2009), eta Emilia Romagna, Italian (2012). Donostian 120.000 ikusle eta 10.500 musikari egotea aurreikusten dute.