(Twitter / @albertopradilla)
Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu dute hamasei atxilotuetatik seik: Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Onintza Ostolaza, Nagore San Martin eta Arantxa Apariciok. Fiskalak bermearekin aske uzteko galdegin du Izko eta Jauregirentzat. Gainerako laurak karguekin aske uzteko eskatu du. Epaileak seiak aske utzi ditu, karguekin.
Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka operazio zabala egin zuen atzo Guardia Zibilak Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Madrilen. Hamasei pertsona atxilotu ditu; horietatik hamabi, abokatuak; tartean, Arantxa Aparicio intxaurrondotarra. Donostian atxilotu zuten astelehenean.
“Erakunde terroristako kide” izatea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Abokatuei “presoen gaineko kontrola” egitea egotzi die, eta dirua zuritzea zein ogasunari iruzur egitea. Presoei “doktrinatze ideologikoa” egitea ere leporatu die abokatuei; euskal presoei informazio juridiko, politiko eta pertsonala helaraztea eta ETAren aginduak helaraztea ere egotzi die.