Txillardegiren lana digitalizatu eta hedatzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute
Jakin Fundazioa bilketa egiten hasi da eta bi urte barru 1.000 idazlan inguru herritar ororen eskura egongo dira.
Gaur Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela hiru urte betetzen diren honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin Fundazioak politikari, hizkuntzalari eta idazlearen ekarpena gogora ekarri nahi izan dute. Izan ere, Txillardegiren idazlanak bildu eta horiekin corpus digital bat sortzeko eta zabaltzeko asmoz, hitzarmen bat sinatu dute. Fundazioa bilketa egiten hasi da jada, eta bi urteren buruan amaituta eta herritar guztiontzat eskuragarri egongo da. Aldundian egin dute agerraldian, Martin Garitano diputatu nagusiak eta Ikerne Badiola kultura diputatuak Txillardegiren alargun Jone Forcadari eta Jakineko ordezkariei harrera egin diete.
Euskal kulturaren garapenean Txillardegik egindako ekarpena handia nabarmendu du Ikerne Badiolak. “Arlo ugari landu bazituen ere, euskal filologian egindako azterketak, euskara batuaren oinarriak finkatzeko proposamenak eta euskal literatura berritzeko sorturiko eleberriek aipamen berezia merezi dute”. Gainera, lan horiek guztiak oso sakabanatuak daudela adierazi du, eta liburu gehienak ere agortuta daude. “Nekez kontsulta daiteke bere lana, eta ahulezia horri aurre egiteko sinatu dugu hitzarmena”. Jakin Fundazioko zuzendari Lorea Agirrek aitortu du, transmisio bideak ez direnez egon, bere lana ezagutzeko aukera gutxi izan ditugula. “Horregatik, lankidetza hitzarmenik gabe ezinezkoa izango litzateke bere obra guztion eskura izatea”. Jakinek lan bilketa guztia egiteko 195.000 euroko aurrekontua izango du.
Egindako ekarpenari omenaldia
Fundazioko presidente eta proiektuaren arduradun Juan Mari Torrealdaik azaldu duenez, urrats kualitatiboa egingo dute lan honekin. “Inork gutxik ezagutzen du bere obra osorik, bere arlo guztietan, eta guk hori eskainiko dugu, herritarren esku egongo da”. Ikertzaileentzako ere baliagarria izango da, azterbide berriak martxan jartzeko. Hortaz, lana burutzerako orduan honako pausoak emango dituzte: 1.000 idatzi inguru katalogatu, bildu, eskaneatu eta garbitu, irakurri eta zuzendu, gorde eta, azkenik, formateatu. Gainera, dokumentuen edukien analisia egiteko, tesaurus bat sortuko dute espreski Txillardegiren lana biltzeko. “Gaitegi berezia sortuko dugu eta bilaketa katalogo, testu edota gaiaren arabera egin ahal izango da”. Honela, Txillardegiren lanaren bisita gidatu moduko bat egiteko aukera izango dute euskaldunek, eta bere bizitza osoan zehar egin duen ekarpenari omenaldia egingo diote. “Gure zorra kitatuko dugu, omentzeko modurik onena bere pentsamendua libre eta doan eskaintzea baita”, amaitu du Torrealdaik. Jone Forcada bat etorri da Jakineko presidentearekin eta Txillardegik pentsatzen zuena gogora ekarri du: kultura herritar guztion esku jarri behar dela, “hori baita jakintza demokratizatzeko modu bakarra”.