Donostiarrek egindako galderei zuzenean erantzungo diete EH Bilduko kideek
Juan Karlos Izagirre alkateak eta zinegotziek erantzungo dituzte galderak, otsailaren 7an, Atano III.ean.
Hartu Hitza lelopean, EH Bilduk donostiar guztiei zuzendutako ekitaldi bat antolatu du. “Lau urte hauetan Donostia berri baten apustua egin dugu, behetik gora eraikitakoa eta herritarrak erdigune direna. Haiek izan dira oinarria eta motorra prozesu ezberdinetan. Orain, pauso bat gehiago eman nahi dugu eta ez ohiko ariketa irekia eta gardena egingo dugu”, esan du Jabi Vitoriak. Hortaz, legegintzaldian egindakoaren kontu emango dute udal taldeko kideek, otsailaren 7an, larunbata, 17:00etan. Ekitaldia Atano III.ean izango da eta frontoiko eserleku guztiak betetzea dute helburu. Herritarrek dituzten galderei, zalantzei, ekarpenei edota kezkei modu zuzenean erantzuteko parada izango dute, “askean eta inongo filtrorik gabe”.
Galderak egiteko prozedura
EH Bilduko kide Joxepa Bornaetxeak ariketa ireki honen ezaugarriak azaldu ditu. Ekitaldiak ordu eta erdiko iraupena ordu eta erdikoa izango du, beraz, orotara hogei galdera inguru egiteko aukera izango dute herritarrek. “Antolakuntza eta ekitaldiaren funtzionamendua errazteko, eta denbora mugatua denez, galdera luzatu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, galderaren gaia ere zehaztuz”. Honela, hiru bide egongo dira galderak egiteko:
- Auzoz auzo sortu dituzten sare eta dinamizatzaileen bidez erregistro fitxetan izena eta gaia ematea.
- www.hartuhitza.net webgunean sartu eta bertan dagoen fitxa bete.
- Appgree aplikazioaren bitartez egitea.