Jon Odriozola: 'Gora eta behera'
Jon Odriozola, Kazetaria
Realari Dragon Khanen antza hartzen diot. Azkenaldian gora eta behera dabil. Sailkapenean gorantz egin nahi du, baina azken unean ez du askorik aurreratzen. Emaitzen ondorioz, zaleen bihotzaren taupadak ere arin samar dabiltza. Arinegi. Talde handi deritzanei etxean irabazi ostean, olatuaren gainean jartzen gara: baikor, harro… Baina, poz horrek ez digu askorik irauten. Aspaldiko partez, taldea, Anoetatik kanpo garaipena lortzear dagoenean, behin baino gehiagotan, azken txanpan, ia esku-hutsik itzultzen da. Hau da, zuen aldeari eutsi ez diolako, aldea handitzeko beste golen bat lortu ez duelako… Kordoba, Levante, Granadaren partidak dira horren adibide.
Zalearen egungo gogo-aldartea, Igeldoko Mendi Suitzarraren antzekoa da. Hasieran esperantzatsu, ondoren itsaso aldera bihurgunea hartzen denean, kezkati, eta maldan behera tunelean barrena sartzen denean, erdi beldurtua. Amaierara iristean, ondokoari «zer moduz?» galdetzen diogu gure egoera azaldu aurretik. Hau da, bidaia-lagunak, edota ingurukoek, guk baino beldur gehiago pasa ote duten jakiteko. Txikitan horrela egiten nuen behintzat. Hasi baino lehen irribarretsu eta lasai, baina itsasoaren zabaltasuna ikusi orduko, tramankuluak kale egingo ote zuen kezka sortzen zitzaidan. Eta azkenean, maldan behera tunel beltzean sartzean garrasi egiten nuen: duda-muda, beldurra…
Realari ere antzeko zerbait gertatzen ari zaio. Talde ona du, eta esperantzatsu hasten dugu partida zaleok. Batik bat etxetik kanpo markagailuan aurretik jartzen denean. Baina minutuak aurrera joan ahala, eta nahiz eta aurreko bidaiak nola amaitu diren jakin, «oraingoan hiru puntuekin etxeratuko gara», pentsatzen dugunean –«we can edo gaur bai!»–, kolpea jasotzen dugu. Eta garaipena hatz puntekin ukitu ondoren, puntu bakar batekin etxera itzultzea, ez da samurra. Eta ondorioz, ezta taldearen sailkapena ere. Inork begiratu nahi ez duen amildegia hiru puntu eskasera dago. Datozen bi partidek –biak etxean– hein handi batean taldearen etorkizuna baldintzatuko dute: gorantz egin eta urruntzea, edota zulotik gertu Dragon Khan zoroan jarraitzea. Biharko txartela erosi dut. Zorabiatu arren zutik eta irribarretsua irten nahi dut hurrengo larunbatean berriz ere itzultzeko gogoz.