"Ahanzturaren aurka borrokatuko dugu"
Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko egitasmoa eta Lasala plazako lehoian bere omenez plaka bat jartzea.
Fito Rodriguez idazle eta pentsalariak azaldu du Lasala plazan jarri zuten plaka hartan, Txillardegik 1956an idatzitako artikulu bat jarri zutela: “Lehoiaren jatorria eta esanahia aztertzen zuen bertan. Bulebarrean zegoen lehen, lehorreko atean, eta urdin kolorekoa zen, hiriaren kolorea bezala. Testu hura ekarpen linguistiko eta literario izugarria da, baina kendu egin zuten”. Txillardegiren ibilbidearen garrantzia azpimarratzeko Andres Urrutiak idatzitako testu bat irakurri du, hain zuzen Rodriguezek berak ‘Txillardegi’ (Erein, 2012) saiakera liburuan jasotzen duena: “Haize berria ekarri zigun Txillardegik, nobela zein saiakera arloetan eta gizartearen zein kulturgintzaren esparru anitzetan, hizkuntzarentzat etorkizuna eta bizi iraupena”. Hain zuzen, Txillardegi euskaltzain oso izendatu nahi izan ez zuen euskararen akademiaren buruak esan zituenak, Txillardegi hil zenean.
Txillardegiren memoria aldarrikatzeko ekitaldi bihurtu da haren heriotzaren hirugarren urtemugan egin duten omenaldia: “Udako ikastaroetan bere obra ezagutu ahal izateko, bere testuak lantzeko, mintegi berezi bat egin zen. Orduan esan nuen bere lana ez dela behar bezala ezagutu, eta ezjakintasunak bultzatu duela berarekiko dugun zorra ez aitortzea. Orain, ordea, desberdin pentsatzen dut. Alderantziz da. Ondo asko dakite Txillardegiren tamainako intelektual baten lana zein izan den. Eta hori ez dute onartu nahi. Eta hain zuzen arrazoi horregatik gaude hemen orain”.
Une hunkigarriak bizi izan dituzte bertan bildu direnek, haren omenez Euskal Herrian euskaraz abestia eta Rodriguezek Txillardegiri eskainitako bertsoak denek elkarrekin kantatu dituztenean: “Ahaztu nahi dute bere ekarpena/ez da izango horren erraz/norberari eman behar zaio/zor zaiona berariaz/Eta krispiti kraspiti arrosa krabelin/ Eta horixe esanda bagoaz”. Ramon Agirre aktoreak, Nerea Txapartegi Udal Gobernuko euskara eta kultura arduraduna eta Josu Tellabide etnologoak parte hartu dute, besteak beste, omenaldian. Txillardegi Gogoratuz taldeko Maria Jesus Etxeberria lore sorta batekin hurbildu da eskulturara. Haren ondotik, Nerea Txapartegik berak ere lore gehiago eskaini dizkio Txillardegiren oroitzapenari.
Josu Tellabiderekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk. Kale izendegiaren gaietan udalaren aholkularia izan da. “Donostian injustizia asko egiten dira, eta kaleen izenak jartzen direnean, bada horiek ez dira inolaz ere Donostiaren historia egiazkoa adierazten dutenak. Badira negozianteak, militarrak, euskararekin eta Donostiarekin zerikusirik ez duten idazleak… Txillardegi ahaztu egiten dute. Eta badaude arrazoi oso argiak. Euskaldunok ez dugu inoiz agindu, ez dugu agindu behin ere ez. Ez digute arnasa hartzen uzten ere batzuetan. Eta Txillardegiri ere ez diote oroitzarik ospatu nahi”.
Donostiako Udal Liburutegi Nagusiaren izenaren harira piztutako polemikaren harira, Tellabidek adierazi du badagoela aurrekari bat: “Kale izendegian proposatu zen Antiguako Gaskonia plazari Txillardegi izena jartzea. Han baitzegoen Txillardegi jauregia, Gaskue familiarena zena. Eraikin hura nbota egin zuten eta leku hartan bere plaka jarri nahi genuen. Baina izen hori erabili ere ezin genuela ezan ziguten, eta horrela desagerrarazi zuten”.
Lasala plazako lehoian jarritako plakaren inguruan bi bizilagunek esandakoa kontatu du Rodriguezek: “Hemen eskulturaren parean bizi diren bi pertsonak, euskaraz zegoela ikusterakoan esan zidaten. Eta zergatik ez duzue japonieraz idazten? Japoniera hizkuntza ofiziala zenik ez nekiela erantzun nien. Hemen euskara hizkuntza ofiziala dela esaten da baina gezur galanta da hori. Txillardegik berak ondo aztertu zuen glotopolitika eta glotofagia. Hizkuntza batek bestea jaten du berdintasuna ez dagoenean. Eta hemen Txillardegirekin asimetria hori ikusten dugu. Txillardegik sekulako ekarpena egin dio ez bakarrik euskarari, donostiako kulturari ere bai. Hor dauzkagu Antiguari, Santa Klara irlari eta hiriko toponimia eta fonetikari buruz egindako lanak. Ez du inoiz inork aintzat hartu. Bere lana izugarria da eta hori asimetria horretan ez dute onartu nahi”. Plakak jarri eta kentzeko borrokan ez direla ariko azaldu du, baina beraien asmoa Txilalrdegi ez ahaztea dela argi utzi du Rodriguezek: “Ahanzturaren aurka borrokatuko dugu”.
Txillardegiren heriotzaren 3. urtemugan omenaldi bat egin dute Lasala plazan.
2012ko urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, eta haren senide, lagun eta miresten zutenak ez dute ahaztu nahi. Donostia idazle, hizkuntzalari eta politikariarekin zorretan dagoela uste dute. Gainera, haren memoria ezagutzera emateko saiakuntzak atzera bota dituztela salatu dute: