Konponbidearen alde milaka pertsona atera dira kalera
17:00etan Antiguako tuneletik abiatzekoa zen manifestazioa baina ia ordu erdi geroago atera da. Erdialdetik eta Antiguatik jendetza iristen ari zen oraindik, protestaren abiapuntura. Aske geratutako 13 abokatuak bertan zirela hasi da martxa.
Gaurko manifestazioan biltzen den dirua Sare herri plataformari emango diote. Izan ere, Sarek astelehenean bertan jakinarazi zuen diru hori manifestazioak sortutako gastuei aurre egiteko zela, eta, asteburuan banketxeak itxita egoten direnez, LABek gorde ziela astelehenera arte. Guardia Zibilak, baina, astelehenean goizean goiz abiatu zuen operazioa, eta dirua konfiskatu. Sarek diru bilketa abiatu du Bilboko manifestazioko gastuei aurre egiteko, eta, era berean, gaurko mobilizazioan bildutako dirua elkarteari ematea erabaki dute.
Sindikatuen eta gizarte erakundeen deiarekin bat egin dutenen artean hainbat izen ezagun, besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Sareko kide Joseba Azkarraga, LABeko buru Ainhoa Etxaide edota Iñigo Iruin eta Miguel Castells abokatuak.
Jaurlaritzaren “lidergo falta” salatu du Etxaidek: “Bakea behar dugu, estatuak oztopatu nahi du. Jaurlaritza ez da gai lidergoa hartzeko, eta hori arazo bat da”. ELAko Adolfo Muñozek ere kritika egin dio Espainiako Gobernuari: “Espainiako Gobernuak ez du baliatu nahi bakerako aukera hau”. Harekin bat etorri da EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matute ere: “Demokratikoa den estatu batek ez ditu abokatuak atxilotzen eta presoak mendekurako baliatzen”.