9:00etan abiatu da Euskal Billera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal Billera izan da urtero legez haur danborradarik goiztiarrena. Parte Zaharreko elkartearen paretik abiatu da 128 neska-mutilek osatutako konpainia, 9:00ak inguruan, eta danbor hotsak zabaldu dituzte auzoan barrena, eguerdian egingo duten Haur Danborradaren atarian.
Haur danborrada zaharrenak ibilbidean bat egin du Kresalako kideekin, eta elkarrekin jo dute Konstituzio plazan. Sarriegi plaza eta Parte Zaharreko zenbait kale gurutzatu dituzte.
Indarrak berritu dituzte txikiek euren elkartean, 10:30 inguruan, ederki gosalduta. Orixe ikastolakoekin elkartzekoak ziren gero, Gaztelubide elkartearen parean. Handik Santa Maria elizara ere bisita egingo dute umeek, eta San Sebastian martxa eskainiko dute bertan.
Ondoren, Haur Danborrada irekiko dute, 1927tik egin duten moduan.