Kontxako futbol txapelketako finalak jokatuko dituzte datorren asteburuan
Realeko jokalarietako batzuk arduratuko dira neska-mutilei sariak banatzeaz.
Hiriko neska-mutilek asteburu honetan jokatuko dituzte Kontxako Futbol Txapelketako azken partidak. Lehenengo urteko alebin mailek larunbatean ligako azken jardunaldia jokatuko dute, Kontxan; eta igandean, berriz, azken play offen txanda izango da, Realaren Zubietako zelaietan. Guztira, Lehen Hezkuntzako hainbat eskolen mutilen 47 taldek eta nesken zazpi taldek parte hartu dute aurtengo denboraldian, eta finalen txanda iritsi da.
Hala, behin norgehiagoka guztiak jokatuta, sari banaketa egingo dute igandean, Zubietan bertan. Realeko lehen futbol taldeetako jokalariak batuko dira bukaera jaira, eta beraiek egongo dira gaztetxoekin.
Neskak lehen aldiz
Txapelketak berrikuntzak izan ditu 2014-2015 denboraldiko lehiaketa sisteman. Hala, nesken taldeei lekua egin diete hondartzan lehen aldiz, mutilen egoera berean lehiatzeko aukera izan zezaten. Donostia Kirolak eta hiriko eskola guztiek osatutako batzordeak eta Donostiako Eskola Kirolaren batzordeak hartutako erabakiari jarraikiz egin zituzten aldaketak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritziarekin, lehiaketa ezberdin bat antolatzea erabaki zuten, eta betiko tradizio kulturala mantendu nahian, hondartzan eta hiriko futbol zelaietan jokatu dituzte partidak.