Donostia Euskararen hiria izaten jarraitzeko helburua du udalak Euskara arduradun Nerea Txapartegiren arabera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Legegintzaldia hasi zenetik %13,88 haziko da euskarari bideratutako aurrekontu kopurua.
Donostiako Udalak 2.836.718 euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du aurten euskararentzat, eta horrela, aurreko aurrekontua mantentzeko apustua egin du. Aurrekontua onartuta, euskara bultzatzeko proiektu eta ekimenek 345.000 euro gehiago lortuko dute legealdi hasierarekin alderatuta, %13,88 haziz. Nerea Txapartegi Euskara arduradunaren arabera, aurkeztutako aurrekontu proiektuaren 2.504.762 euro euskara zerbitzura bideratuko dira, eta beste 331.956 euro itzulpen atalera. Txapartegik nabarmendu du datuek agerian uzten dutela euskararen normalizazioa eta sustapena izan direla legealdiaren lehentasunak: “Euskara ardatz daukagu eta datu hauetan islatzen da gure hitzkuntzarekin daukagun konpromisoa; euskara babestea eta sustatzea izan da gure hizkuntz politikaren helburua, izan euskara ikasteko dirulaguntzen bidez, euskara sustatzeko kanpainen bidez, eta euskararen erabilera bermatzeko neurrien bidez, beti ere, azpimarratuz gure lan hizkuntza euskara dela”. Horrekin batera, Donostia Euskararen Hiria izaten jarraitzeko eta gero eta euskaldunago izateko konpromisoa berretsi du Txapartegik.
Aurrekontua mantenduta, hiritarrak euskaraz artatuak izan daitezen bermatzeko iaz abiatutako kanpaina beste azpiegitura publikoetara ere zabalduko dela aurreratu du ordezkariak: “Euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraituko dugu eta tokiko euskara plan integralak gauzatuko dituzten batzordeak sustatzeaz gain, auzo eta herrietan euskararen erabilera sustatzeko 100.000 euroko partida bat jaso dugu aurrekontu proiektuan”. Parketarrak ekimena ere auzo gehiagotara hedatuko dela zehaztu du Txapartegik: “Aiete eta Egiara zabalduko dugu gaur egun beste zortzi auzotan egiten ari den egitasmo hau”.
Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz kanpaina zabalduko dute, taberna, jatetxe eta dendetan lehen hitza euskaraz eginez berezoari euskara erabiltzea ahalbidetuz. Horretarako, 60.000 euro bideratuko dituzte, eta Parte Zaharrean eta Intxaurrondon abiatu zen kanpaina beste bi auzotara zabalduko da, Erdialdera eta Antiguo-Ibaeta-Igarara, hain zuzen ere. Aurrerago Martutene eta Añorgara zabalduko dute.
Euskara ikasi eta sustatzeko ekimenak ere indartu egingo ditu udalak. Sail horretako aurrekontua 1.582.975 eurokoa izango da. Azkenik, Txapartegik aldibereko itzulpena ahalbidetuko duen gailu eramangarria erosiko dela iragarri du, udalbatzean gain, beste aretoetan itzulpena ahalbidetzeko.
Kultura aurrekontua, 2016 urteari begira
Bestalde, udalak iaz baino 7.000.000 euro gehiago eskaini nahi dizkio kulturari aurten, Donostia 2016an Kultur Hiriburuaren atarian, hain zuzen ere. Gaur egun aurrekontu orokorraren %9,37a sail honetara bideratzen du udalak, eta aurten 33.579.896 ueroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Txapartegik kultura sustatzeko. Horrela, 2016 proiektuak jasoko du diru kopuru handiena, 7.352.319 euro. Horietatik 5.000.000 kultur programaziora bideratuko dituzte.
Kultur Hiriburua datorren urtean den arren, urtero kulturarekin konpromisoa hartu dutela adierazi du Txapartegik: “Donostia kulturari eta sorkuntzari lotutako hiria da, hiri bizi-bizia eta dinamikoa kulturaren alorrean, eta horren lekuko dira urtean zehar antolatzen diren milaka ekitaldiak, kultur etxeen sare sendoan, antzokietan, museoan edo kalean bertan, izan kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak edo festak. Horregatik Donostia Kulturaren udal ekarpena aurten 21.755.588 eurotakoa izango da, iazkoa baino 2.410.000 euro gehiago”.
Bestalde, Tabakalera Kultura Garaikidea Sortzeko Zentroari 3.985.000 euro eskainiko dizkio udalak, sorkuntzan erreferente bihurtuko den zentroa izango delako. Azkenik, ordezkariak gainontzeko partidak aurkeztu ditu: Zinemaldia Nazioarteko Zinema Jaialdira 1.000.000 euro bideratuko dituzte, Kursaal Eszenara eta Hamabostaldira 300.000 euro, Miramar Jauregira 60.000 euro eta EHUko udako ikastaroetara 80.000 euro.