Donostiako Orfeoiak iaz baino kontzertu gehiago eskainiko ditu
Abesbatzak 39 emanaldi hitzartu ditu dagoeneko, horietatik hamar hirian izango dira; urteko lehen bira otsailean abiatuko dute, Frantzian.
Aurtengo programazioari dagokionez, 39 kontzertu itxi dituzte jada eta besteren bat izatea aurreikusten dute. Donostian hamar emanaldi inguru eskainiko dituzte. Hamabostaldian, adibidez, abuztuaren 18an San Petersburgoko orkestra filarmonikoarekin izango dira; 25ean Cadaqueseko orkestrako Alberto Zedda zuzendariaren esanetara; eta 28an Koloniako orkestra sinfonikoarekin batera. Horretaz gain, Usandizagaren omenez eta Musikenerekin batera, Las Golondrinas eskainiko dute azaroaren 28an, Viktoria Eugenia antzokian.
Urteko lehen bira datorren astean hasiko dute: Touloseko Halle aux Grains aretora joango da abesbatza eta otsailaren 5ean Berlioz konpositorearen Requiema eskainiko du, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera eta Tugan Sokhiev zuzendariaren agindupean. Biharamunean, bi musika taldeek egitarau bera eskainiko dute Philharmonie 1 auditoriuma inauguratzeko kontzertuen baitan, Cite de la Musique eraikinean, Parisen.
2000 bazkide
Kulturan izan diren murrizketak “izugarriak” izan direla gogorarazi dute, eta orfeoiari eskaintzen dizkieten diru laguntzak erdira jaitsi dira. “Gure maila artistikoarengatik izango ez balitz, ez ginateke kontzertu askotan egongo”. Horregatik, eta orfeoiari bultzada bat emateko asmoz, 2000 bazkide lortzeko erronka jarri dute.
Krisi ekonomikoak eragiten badie ere, orfeoian parte hartzen duten pertsona kopuruak gora egin duela adierazi dute. “Administrazioan eta kudeaketan murrizketak egon diren arren, egun 936 pertsonek hartzen dute parte orfeoian; 1000 pertsonara gerturatzen ari gara”. Horiek guztiek orfeoiari 192 egun eskaini dizkiote 2014an, 3500 eskola ordu hain zuzen ere.
Donostiako Orfeoiko presidente Jose Maria Etxarrik eta Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak prentsaurrekoa eman dute, orfeoiak Parte Zaharrean duen egoitzan. Bertan, 2014ko balantze ekonomiko eta artistikoa egiteaz gain, aurtengo asmoei buruz aritu dira.
Jose Mari Etxarrik iazko jarduera kopurua handia izan dela esan du; izan ere, 2014an 36 kontzertu eman dituzte: hamazazpi Euskal Herrian, hamalau beste autonomia erkidegoetan eta bost atzerrian. Horien artean zenbait emanaldi nabarmendu ditu Sainz Alfarok: Donostiako Hamabostaldian egin zutena; Zingariren operaren estreinaldia, Katalunian ere zuzenean eman zutena; eta 1985etik abesten ez zuten Handelen Mesias emanaldia, besteak beste.