Jolasean arituko dira Bertso Egunean
Bertsolaritzaren hiria bihurtuko da Donostia larunbatean, 46. urtez.
sarrerak. Joaterik ez duenak, Bertsoa.com webgunean saioa zuzenean jarraitzeko aukera izango du, eta etb 1 telebista kateak, berriz, 22:00etan eskainiko du saioa.
EGITARAUA:
Jolastu nahi?, horixe da aurtengo Bertso Egunaren leloa. Bertsozaleek egutegian ezinbestean gogoan izaten dute data izaten da Bertso Egunarena, eta larunbat honetan bertan izango da aurtengoa, 46. urtez. Azken urteetan egin duten moduan, aurten ere hiru zati nagusi izango ditu egunak: Goizeko kalez kaleko saioa, Kursaaleko ikuskizun nagusia, eta afaria eta ondorengo saioa. Aurkezpenean gehiegi aurreratu nahi izan ez duten arren, jolasean arituko dira aurtengoan bertsolariak, hala, bertsolariek hain gertuko dituzten aulkiak hartu dituzte oinarri. Egurrezko betiko aulki horiek, ordea, hamabi aulki koloredun bihurtu dituzte, eta bakoitza alde batera begira jarri dute, Bersto Egunaren kartelean. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatu dute egun osoko egitaraua, Kutxaren eta EITBren laguntzarekin. Hala, bertsozale elkarteko Jon Agirresarobe, udaleko Kultur ordezkari Nerea Txapartegi eta Kutxako Mikel Mendarte izan dira gaurko aurkezpenean. “1968tik Donostian egin da Bertso Eguna, tartean bi urteko etena izan duen arren. Ibilbide luzaroa eta oparoa du, baina eguneratua”, azaldu du Txapartegik.
Agirresarobek azaldu duenez, guztia zehatz mehatz prestatzeaz arduratu dira Ainhoa Aranburu, Arnaitz Lasarte, Eñaut Agirre eta Josu Goikoetxea. Beraiek aritu dira ideiak lantzen eta gaiak prestatzen. “Iraganetik datorren ahozko tradizioa da bertsolaritza eta etorkizuna ziurtatua du, gazteak erakartzen jakin duelako”, gehitu du Txapartegik.
Bertsoak, egun osoan
Larunbateko goizeko saioan bederatzi bertsolari arituko dira kantuan: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus. Kursaalen, berriz, hamabi bertsolari izango dira oholtza gainean: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus. Azkenik, gauean, afaria eta festa izango dira Groseko Manteo kiroldegian, iaz bezalaxe. Bertan, bat-bateko saioetan arituko dira kantuan Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Sebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paia. Ondoren, Bat-batean ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak.
Oraindik eskura daitezke Kursaaleko ikuskizunerako zein afarirako
- 12:00. Bertsolariak hiriko kaleetan barrena: Bretxa, Konstituzio plaza eta Juan Bilbao kalea.
- 18:00. Ikuskizun nagusia, Kursaalen.
- 21:00. Afaria eta jaia Manteo kiroldegian.