Xabier Vazquez: 'Doritoak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Ingalaterrako liga ikusten hasi nintzenean Moyes askoren ahotan zegoen. Everton lehen postuetan egonkortu zen, eta entrenatzaileak lore asko jasotzen zituen.
Nik ez nuen oso gogoko talde haren jokoa, eta neure onetik ateratzen ninduen Artetak bandan jokatzeak.
Gerora talde ingles askori ikusi diet. Hegal ertzeko jokalari faltan, baloia zer den dakien bakarra jartzen dute. Arteta Evertonen edo Granero QPRn.
Hale ere, Moyes Realera etortzeko aukeran, nik sutsuki defendatu nuen eskoziarraren etorrera. Realak halako aldaketa behar zuen (diru hori balio ote duen beste kontua da), jokalarien aurrean «zuek kontrolatzeko hauxe ekarri dizuegu» esatea.
Realak ez du berebiziko joko onik, eta emaitzak ere ez dira beste mundukoak. Baina behintzat talde itxura ematen du. Gaizki jokatzen duen taldea, baina taldea. Vila-realen izan ezik, ez du halako erabateko hondamendi unerik izan.
Hori bai, Eibarren aurkako 2. zatian betirako izan dadin espero dudan aldaketa egin zuen Moyesek. Prieto erdian jarri zuen.
Gaur egungo Prietok, Artetak eta Granerok bezala, ez luke bandan jokatu behar, erdian baizik.
Bide batez, Montanierrek ondo ikusi zuen hau, baina hori onartzea bekatu zen bere garaian.
Emaitzak emaitza, jokoa joko, badirudi jendea pozik dagoela Moyesekin. Kopako kaleratzea goxatzen jakin zuen zaletuengana joan eta mundu osoan zabaldu den irudia emanez. Realaren porrotaz baino neskatoari hartzen ziona Doritoak ala Gusanitoak ote ziren eztabaidatu zen sare sozialetan.
Baina gauzok beti emaitzen araberakoak dira. Pentsa ezazue zer ez ote zuen entzungo Arrasatek hori bera egin izan balu Kopatik kaleratzean. Edota Montanierrek.
Halakoak dira gauzak, gure epaiak ez dira beti koherenteak izaten, eta Moyesekin irribarrea eragiten digute besterekin suminduko gintuzketenek.
Denon onerako, espero dut Moyesen bitxikeriak ontzat hartzen jarrai dezagun. Realak hobetu duen seinale izango da.