Carlos Velari ebakuntza egingo diote gaur, barne meniskoan haustura duela berretsi eta gero
Realak Carlos Velaren lesioari buruzko xehetasunak eman ditu goizean: Carlos Velak haustura du barne meniskoan, irudi bidezko eta medikuntza azterketak egin eta gero. Klubak jakinarazi du gaur bertan egingo diotela ebakuntza. Mikel Sanchez medikuak egingo dio.
Ebakuntzaren ondoren emango dute egoeraren berri; hots, zenbaterako egongo den futbol zelaietatik kanpo mexikarra. Hala ere, lesioaren izaera kontutan hartuta, sei eta zortzi aste bitartean egon beharko du bajan, gutxienez.
Aurrelariak larunbatean hartu zuen mina, Real Madrilen aurkako partidan, Santiago Bernabeun. Eskuin belauna bihurritu zuen, eta lesioa larria izan zitekeela ikusi zen hasieratik. Txuri-urdinek 4-1 galdu zuten Madrilen. Hain zuzen ere, Realera iritsi zenetik, Carlos Velak Ligan jokatu ez dituen zazpi partidetan donostiarrek ez dute garaipenik eskuratu.