Javier Chocarro eta Fernando Tabuenca, azalpenak ematen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Asteartea, egun garrantzitsua izan da altzatarrentzat. Urteak eman dituzte kiroldegi berri bat eskatzen, egungoa, duela hogei urte eraikitakoa, zaharkituta geratu delako. Bada, kirol azpiegitura berria egiteko lehiaketaren irabazleek egitasmoa aurkeztu dute, Tomasene kultur etxean. Herritarrei zuzendutako bilera horretan bertan, udal gobernuko ordezkariek eta udal teknikariek erabiltzaileen zalantzei erantzun diete.
Proiektuaren egileetako bi egon dira Altzan, Javier Chocarro eta Fernando Tabuenca arkitektoak, beharrezko azalpenak emateko prest. Kiroldegiaren baliabideen artean, igerilekuak piztu du jakin-min handiena bertaratutakoen artean. Hain zuzen ere, zortzi kaleko igerilekua eskatu dute erabiltzaileek, egungoa hobetze aldera, sei kalekoa baita.
Arkitektoek, baina, azaldu dute sei kaleko igerileku bat egokitzea aztertzen ari direla –12×25 metroko neurrikoa–, baina, erabiltzaileen eskaintza asetzeko, bigarren bat ere aurreikusi dutela, nagusia baino txikiagoa, baina egun «plisti-plastarako» dagoen igerilekua baino askoz handiagoa –bost edo sei kalekoa, eta 12,5×12 metroko neurrikoa–. Era horretan, waterpolo partidak daudenean, bigarren igerileku horretan aritzeko aukera lukete erabiltzaile arruntek. Gaur egun, lehiak egonez gero, igeri egiteko aukerarik ez dute, alternatibarik ez dutelako.
Chocarrok eta Tabuencak aurrean duten erronkarekin pozik direla azaldu dute. «Oso harro gaude egindako lanarekin, eskailera bakar baten bitartez bost norabide desberdin uztartzeagatik, larrialdietako irteera kontutan hartu gabe, eta konponbide horrekin eraikina funtziona dezan lortzeagatik», adierazi du Chocarrok. Bost norabide desberdinak aipatu ditu, erabiltzaile desberdinek egingo dituzten bost erabilera mota azaltzeko: igerilekua, kirol pista, gimnasia aretoak, kafetegia edo harrera bera. «Pertsonen igarotze guneak gutxienera murriztea zen gure helburua, espazioa irabazteko. Eta lortu dugu, erraz irakur daitekeen eraikin bat delako», erantsi du.
Tabuencak, bere aldetik, nabarmendu du urtebeteko lanak merezi izan duela, «ia oposizio bat» prestatzea bezala izan bada ere: «Eraikina eredugarria izango da zentzu guztietan; ez bakarrik erabilerengatik, mantentze eta energia gaitasunengatik ere».