Hungariako Kaldereroen Lehen Konpartsak Parte Zaharreko kaleak alaituko ditu larunbatean
Orotara 250 zingara eta galdaragilek hartuko dute parte.
Urtero bezala, Hungariako Kaldereroen Lehendabiziko Konpartsak Parte Zaharreko kaleetatik barrena ibiliko da larunbatean. Santa Maria basilikako ataritik aterako dira 21:45ean eta goizeko ordu txikitan amaituko dute ibilbidea, Koruko Ama Birjinaren kalean, Aizepe Aitzaki eta Gaztelubide elkarteen aurrean. Konpartsaren buru Pello Arribas eta Zingaras Eguzki Lore tribuko ordezkari Miriam Arruebarrenak agerraldia egin dute gaur goizean, larunbaterako prest duten festari buruz informazioa helarazteko.
“1884ko otsailaren 2an lehenengo desfilea izan zen eta orain 2015. urtean gaude, oraindik eta berriz hemen gaude eta larunbatean gure paisaiak zeharkatzen zituzten ijituen tribuak oroitzeko Raimundo Sarriegik konposatutako melodiak berrinterpretatu eta dantzatuko ditugu” adierazi du Arribasek. Konpartsak, guztira, 19 tribuk osatutako 300 parte hartzaile ditu, horietatik 250 zingara eta galdagileak dira eta gainontzekoak Irungo Erraldoi eta Buruhandi konpartsako kideak. Gainera, zingaraz eta galdagilez jantzitako bi erraldoiekin desfilatzen dute, zaldunak haien zaldietan eta bandako kideekin batera.
Ibilbideari dagokionez, Santa Maria elizatik ateratzea izan da berriz konpartsaren apustua. Izan ere, “akustikaren aldetik Santa Maria da gure errepertorioaren erakustaldia egiteko leku paregabea”, ziurtatu dute. Hortik desfileak aurrera egingo du eta Sarriegi plazara joango dira, bertan kanpamentua finkatuko dute. Martin Estebanez erreginak bere urteroko hitzaldia eskainiko die bertaratzen diren donostiar guztiei. SAmaiera gauerdia pasata izango da, kandelariaren egunarekin bat eginez.
[box]
Ibilbidea
- HASIERA: 21.45 – SANTA MARIA
- Kale Nagusia
- Fermin Kalbeton kalea
- San Jeronimo kalea
- Esterlines kalea
- Narrika kalea
- Sarriegi plaza. Kanpamentua eta Martin Estebanez erreginaren diskurtsoa
- San Juan kalea
- San Bizente kalea
- Abuztuaren 31 kalea
- Santa Mariako ataria (geldialdia koru errepertorioarekin)
- Kale Nagusia
- Fermin Kalbeton Kalea
- Mari Kalea
- BUKAERA: Koruko Ama Birjinaren Kalea