'Fracking'-ari buruzko erakusketa egongo da ikusgai Ingurumen Baliabideen Etxean
Grafika Soziala egitasmoaren bosgarren edizioa abian da Egiako parkearen Ingurumen Baliabideen Etxean. Aurten fracking-aren gaia izango du ardatz gaur hasi eta maiatzaren 24ra luzatuko den erakusketak. Hainbat elkarte eta gizarteeragilek sortutako ikusentzunezko materiala biltzen du, fracking-aren aurkako borrokaren azken urteetako isla gisa. Erakusketaz gain, egitasmoak hainbat hitzaldi eta film baten proiekzioa ere izango ditu.
Grafika Sozialaren edizio berri honek haustura hidraulikoaren bidez lorturiko hidrokarburo ez konbentzionalaren ustiaketaren kontrako hainbat talde, plataforma eta kolektiboren kartel, bideo eta bestelako materialak bildu ditu
erakusketarako. Urte hauetan guztietan zehar, material gordailu izatetik haratago, Grafika Sozialak dibulgaziorako eta aktibazio sozialerako tresna izan behar duen ideia horretan tematu izan da.
Mugimendu sozialek sorturiko adierazteko modu grafiko horien pilaketaren bitartez, hausnarketa eta eztabaida baterako espazio bat irekitzea du helburu erakusketa proiektu honek. Izango dituen ondorio sozial eta ekologikoak neurtzeko gai ez garen krisi energetiko baten testuinguruan, fracking bezala ezaguna egin den hidrokarburo ez konbentzionalen ustiaketak, etorkizun energetikoaren inguruko eztabaida ireki du, kontrako iritziak indartuz. Besteak beste, lurraldeaz, arriskuez, baliabideen gutxitzeaz eta horiekiko kontrol politikoaz galderak egiten dituen polemika bat.
Egitasmoaren ardatza gizarte eragile eta taldeek fracking-aren kontrako borrokan ekoiztutako ikusentzunezko hainbat material biltzen dituen erakusketa da. Bertan ikus daitezken pankarta, kartel eta bideoen bidez bisitariak ezagutuko du Euskal Herrian eta kanpoan. fracking-aren aurkako taldeek erabilitako material grafikoa.
Erakusketa osatzeko materiala honako talde eta eragileei esker bildu du Cristina Enea fundazioak: Plataforma Fracking Ez Araba, Ecologistas en Accion, Plataforma Ciudadana Zaragoza sin Fractura, Kuartango Fracking Ez eta Ekologistak Martxan, eta horiei guztiei esker lortutako materialek eta dokumentuek mundu zabaleko hainbat tokitako borrokaren lekukotza ekarri digute gurera, besteak beste Patagonia, Txile, Argentina, Holanda, Alemania, Irlanda, AEBak, Errumania, Polonia etab…
Erakusketa ikusgai egongo da Egiako parkearen Ingurumen Baliabideen Etxean maiatzaren 24ra arte.