Jon Odriozola: 'Denboralea'
Jon Odriozola, Kazetaria
«Ez da giro»; «ederki hoztu du»; «etxean, askoz hobe»… Era honetako zenbat esaldi entzun ote ditugu astean zehar. Eta nahiz eta bihar Realak etxean jokatu, bere zaleen berotasunpean, ez da giro talde txuri-urdinaren inguruan. Emaitzak direla-eta giroa nahasten ari da. Entrenatzaile berriaren inguruan zegoen esperantza nahikoa hoztu da zenbait zaleren artean. Zeruertzean hodei ilunak ikusten ari da bat baino gehiago. Haizea dator iparraldetik, hego berotik ekaitza dio kantak. Sailkapenaren hegoaldea, amildegia, lau puntura dago; gertuegi.
«Iragarpena? Biharkoa? Garaipena! Ziur», esan zidan asteazkenean auzoko adiskide batek. Bihar ordu eta erdiko demaren ondoren, partidako hiru puntuak etxean geratuko dira bere aburuz. Hau da, eguzkia nagusituko da, eta taldearen inguruko giroa, epelduko. Txalotzekoa da kolore txuri-urdinei dion begirunea, baina bizilagunari galdera bera egiten diodan bakoitzean, «garaipena» hitzarekin erantzuten dit. Beti.
Lehen itzulia ez da batere ona izan. Oso epela. Arrunt. Bigarren itzulia hasi berria da, eta nahiz eta Eibarri etxean irabazi, Madrilen, taldea, markagailuan aurretik jarri arren, ez zen merengeen haize boladari aurre egiteko gai izan. Ezinean ikusten da taldea, prezipitazioei aurre egin ezinda; eta emaitza batzuk ikusita izoztuta amaitu du zalegoak.
Txingor boladak ere ez dira samurrak izan. Zaleak beste eguraldi batekin amesten zuen; aurreko bi denboraldien antzekoa: eguzkitsua, oskarbia… Lainotua dago ortzi txuri-urdina.
Datozen bi partidetan –Celta eta Almeria– ikusiko da Realaren sasoia eta norabidea; sailkapenean goranzko bidea hartzeko, edota… Joaneko partidan, galiziarren aurka, lehia galdua zuenean, berdintzeko gai izan zen taldea; Almeriaren aurka, berriz, amore eman zuen Anoetan, etxean. Realaren ligako bi arerio zuzen dira; ostean Sevilla eta Valentziaren aurka jokatuko du.
Biharko eguraldi iragarpenaren arabera, hozteaz gain –gehiago?–, egun hauetako joerarekin jarraituz, elurrak inguruak zuritzen jarrai dezake. Hotzak, ez gaitzala gehiegi hoztu: Elurretan jaio, eta izotzetan bataiatu, dio esaera zaharrak. Eta, noski, ez dezagula partidaren ostean zuri-zuri eginda amaitu; ea eguzki-printzak ikusten ditugun.