Herritarrek hartu dute hitza
600 donostiar baino gehiago elkartu dira Atano III.ean.
EH Bilduk azken lau urteotako legegintzaldiaren balantzea egin du. Horretarako, Hartu Hitza lelopean, herritarrei zuzendutako ekitaldia antolatu du, donostiarrek dituzten galdera eta kezkei erantzun bat emateko asmoz. Guztira, 600 pertsonatik gora hurbildu dira Atano III.era eta horietatik hogeik alkate eta udal gobernuko kideei galderak egin dizkiete. Galdera guztiak gaiaren araberako poto desberdinetan sartu eta bertatik zozketa bidez hogei inguru atera dituzte. Hamaika gai jorratu dituzte: parte hartzea eta auzoak eta herriak; euskara; ekonomia eta sustapena; politika soziala; kultura; orokorra edo bestelakoak; ingurumena; hezkuntza, gazteria, berdintasuna eta aniztasuna; hirigintza eta mantenua; aurrekontuak eta ogasuna; eta, giza eskubideen eta gatazkaren konponbidea.
Euskarari dagokionez, Egiako bizilagun batek Donostian telebista euskaldun bat sortzearen proiektua planteatu duten galdetu du. Nerea Txapartegi udal gobernuko ordezkariak erantzun dio Euskara Zerbitzuak euskarazko komunikabideak diruz laguntzen dituela eta eurek egiten dutenaren bidearekin bat egingo dutela.
Ekonomia eta sustapenaren arloan, langabeziaren arazoa galdera bat baino gehiagotan atera da. Izan ere, 50 urtetik gorakoei dagokion arazo bezala zein gazteen langabeziari dagokiona. Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek azaldu du 2012an enplegua sustatzeko plan bat abian jarri zutela eta langabezia datua hobetzen saiatzen ari direla (egun %12,7koa da, %3,4 jaitsi da azken lau urteotan). Horretarako, kontrataziorako diru laguntzak ematen ditu udalak, gazteei zuzendutako bekak, berrikuntza alorrean hainbat programa… Gainera, Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak gogoratu du haur eta gazteen diagnostiko bat egin dutela eta orain behar horiekin plan integral bat diseinatzen ari direla.
Kutxabank, Aieteko anbulategia, aurrekontu parte hartzaileen esperientzia… galdera-erantzunen jarioa etengabea izan da ia bi orduz eta herritar zein udal gobernuko ordezkariak pozik agertu dira esperientziarekin.