Anoetari buruzko agerraldiak ikusmin handia piztu du. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
«Ez ustea» jaso du udalak, Anoeta berritzeko lehiaketaren harira. Hain zuzen ere, Kontratuko Helegiteen Administrazio Organoak (OARC) onartu egin du Optima Sport Media Madrilgo kirol azpiegitura enpresak eta Fernando Goñi abokatuak estadioaren lehiaketaren aurka jarritako helegitea. Errekurtsoaren arabera, «irregulartasunak» daude baldintzetan, lehiaketan «erraztasun guztiak» jarri omen dizkiotelako Realari irabazlea izateko.
Ebazpena atzo jaso zuen udalak, eta gaur goizean, Bozeramaileen Batzordea bildu da erabakiaren aurrean zein pauso eman zehazteko. Juan Karlos Izagirre alkatea, Kirol zinegotzi Josu Ruizek eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek agerraldi bat egin dute ondoren, komunikabideen aurrean, udalaren jarrera zein den azaltzeko.
Izagirrek aurreratutakoaren arabera, udaleko zerbitzu juridikoak lanean ari dira erabakiaren aurrean zer egin erabakitzeko. Era berean, udal talde guztien artean irtenbide egokiena bilatzen saiatuko direla esan du, «elkarlanean». Ebazpenari aurre egiteko aukera guztiak mahai gainean jarri dituztela esan du, baina, guztiaren gainetik, nabarmendu du ez dutela proiektua baztertuko: «Proiektuak aurrera jarraituko du, modu batean edo bestean». Hori bai, argi utzi du lehiaketan jarritako printzipioak mantenduko dituztela; udalak dirurik jarriko ez duela, tartean.
Alkateak azpimarratu du Donostia ezin dela kaltetua irten prozesu honetatik: «Proiektua ona da hiriarentzat, eta proiektu honekin jarraituko dugu». Estadioa eta estadio txikia berritzea ez ezik, egitasmoak ere inguruko baliabideak hobetzea aurreikusten duela ekarri du gogora; Ernest Lluch kultur etxea, esaterako. Hortaz, hiriarentzat proiektu garrantzitsua dela berretsi du.
Realeko presidente Jokin Aperribairekin hitz egin duela esan du, ebazpena jaso bezain pronto. Albistearen berri alkateak eman zion atzo. Udal taldeekin adostasunean osatutako prozesu bat izan dela azaldu du, eta horregatik erabakiak ere adostasunean hartuko dituztela adierazi du: «Aztertu behar dugu oso ondo zein den bide onena. Oraindik goiz da erabaki baten berri emateko».