Ramon Gomez laur urtetan izan da PPren Donostiako alkatetzarako hautagaia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
PPko zuzenderitzak Donostiako alkatetzarako hautagaitzatik baztertzeko erabakia “kiroltasunez” onartu du zinegotziak.
Donostiako udalean alkatetzarako PPko hautagaia lau urtetan izan ondoren, Ramon Gomez zinegotzia ez da maiatzeko hauteskundeetara inongo kargutan aurkeztuko. Erabakia berak hartu du, aurreko astean PPko zuzendaritzak hautagaitza Miren Albisturri ematea erabaki ondoren. Gomezek adierazi duenez, zuzendaritzaren erabakia “kiroltasunez” onartu du, eta alderdia uzteko asmorik ez duen arren, oraindik ez du argitu etorkizunean politikan jarraituko duen edo ez.
Barkamenak eskatuz hasi du gaurko agerraldia PPko zinegotziak; bere esanetan, Arantza Quiroga Euskal Herriko PPko lehendakariak erabakia jakinarazi ondoren egun batzuk behar izan ditu bere etorkizunaz hitz egiteko. Quirogarekin bildu da egunotan, eta erabakia onartu duen arren, prozedura ez dela egokia izan salatu du: “PPkoa naiz, eta PPkoa izaten jarraituko dut; baina horrek ez du esan nahi alderdiak egin duen guztiarekin ados nagoenik. Oso triste nago zuzendaritzak hartutako erabakiarekin, eta desilusio handia hartu dut duela lau urte hasitako proiektua utzi egin behar izateagatik. Baina argi utzi nahi dut PPko zinegotzia izan aurretik donostiarra naizela, eta nire koloreak txuri-urdinak direla; beraz, hiri honen zerbitzura egongo naiz legealdia amaitu arte”.
Gomezek ez du zehaztu izan nahi PPko zuzendaritzaren erabakiaren inguruan azken astean sortutako polemikaz duen iritzia, baina Albisturren hautagaitza babestu du: “Miren gure taldeko partaidea izan da zortzi urtetan, eta primeran ezagutzen du udaleko errealitatea. Ez du odola egiteko inolako asmorik; alderdiaren erabakiari men egingo diot”.
Gomezen proiektua, airean
Zinegotziak udala uzteko erabakia hartu du gaur, eta gogora ekarri ditu kargua hartu zuenean sinatutako hainbat konpromezu: “Politikoak gogoratu behar dugu gure postuetan aldi baterako gaudela, ez betirako; Nik, kargu hau hartu nuen egunean, konpromisoa hartu nuen alkate izatera iritsita soilik zortzi urterako egongo nintzela gehienez. Nire proiektua epe luzeagoan gauzatzeko konpromisoa nuen herritarrekin, baina orain bide berri bati ekingo diot”. 2006an sektore pribatuan lanean ibili zela aipatu du, eta ez du baztertu horretara bueltatzeko ideia: “Ona da politikan gabiltzanok sektore pribatuan lan egitea noizbehinka, gizartearen errealitatea bizitzeko. Oraindik ez dut argi zein izango den hartuko dudan bidea, eta sektore pribatura bueltatzeko aukera hor dagoen arren, argi daukat ez dudala Gipuzkoako PP utziko”.
Agerraldia eskerrak emanez amaitu du Gomezek, eta politikariak herritarrek aukeratu behar dituztela aldarrikatu du: “Lau urte hauetan nire pentsamoldea txuri-urdina izan da, eta beti egon naiz herritarren eskaerak entzuteko prest. Alderdietan lista irekien aldekoa naiz, herritarrek aukeratu behar dutelako beraientzat zer den onena, ez politikariek”.