Unai Elizasu: 'Hamar'
Ez bederatzi, eta ez hamaika. Hamar. Hamar dira norberak dituen hatzak, eta hamar dira behatzak. Donostiako autobus zerbitzuak ez duen zenbakia da hamarra. Dekagonoaren paretak ere, hamar. Norvegiako hiri bat ere hamar da. Etiopian etnia baten izena ere, hamar. Hamar ziren, Donostiarraken estropada baten erdia adierazten zuten minutu kopurua (aurten ez da hala izango…). EH Sukarrak taldeak, “hamar urte kartzelan, denetatik pasatu duzu…” kantatu zuen. Silvio Rodriguezek ere, hamar urte gutxiagorekin… zioen. Hamar.
Baina, hamar… Hamar dira, hitzok agertzen ari diren egunkari honek bete dituen urteak. Hamar urte pasa dira. Hamar urtez, irutxoloetako txuloetan sortutako berriak idazten. Hamar urtez, Donostiako auzo eta herrien ahotsa, idatzi bihurtuz. Donostiako historia, irutxoloetako orrietan idatzita dago. Gertakizun handienei, azala… baina gertakizun txikienak ere, bazuen mamia. Hamar (gehi bat) dira izandako bilerak, egunkari honen biziraupenerako. Hamar (gehi bat) izan dira egindako ekimenak.
Egunkari hau egosten zen okindegiko okin izan nintzen hamar hilabetez baino gehiago. Gogoan ditut, goizeko lehen orduan, gela txiki hartan sartzen nintzenekoa. Argi guztiak itzalita. Eta neu, ordenagailu piztu berrian, oxigeno bonbonak betetzeko lanean. Goiz erdirako, hor zetozen, lankideak, adiskideak. Irutxoloetan barrena, ikusitakoak zekarzkiten. Goizeko lehen kafearekin, berriei forma ematen. Ordenagailu aurrean, telefonoa belarrian… Arratsalde erdirako, bertan uzten nituen denak… biharamunarako hitzak orraztuz.
Gogoan dut, eskela gehien saltzen dituenari aurre egin genioneko hura. Urteko berririk garrantzitsuenaren berria lortu genuenean. Egun berezia, bereizia izan zen hura. Gogoan dut oraindik ere, berria lortu zuenaren aurpegiak zuen poza. Poz kutsagarria. Biharamunean sortuko zen erreakzioak, “zeozer” sortzen zuen erredakzioan. Zerbait handia lortzekoak ginen. Azaleko titularrak, egunkarien titular izatera pasa ginen. Inork lortu ez zuena, lortu genuen guk. Imaginatzen genituen, bestelako komunikabideetako erredakzioetan, gure berria irakurriz, sortuko zen ezinegon, haserre eta delakoak… eta gurean, bazen halako “zeozer”…
Egun handia izan zen. Auzoko supermerkatura joan nintzela pastak eta txanpaina erostera. Ospatu beharra zen, merezi genuen. Egun horretan, zenbat zorion dei. Zenbat poz. Gogoan dut, une gogoangarri hura. Jan genituen pastak, edan genuen txanpaina. Baina jarri ginen berriz ordenagailu aurrean, telefonoa belarrian… eta idatzi genuen biharamunari zegokiona.
Hamar urte igaro dira, lehen orri horiek idatzi zirenetik. Hamar urteetan, orri zurietan, berriak guregana iristeko lanean. Hamar urtez, gure esku ahurretan izan zaitugu.
Hamar urte, ez dakit asko edo gutxi diren. Hamar urte baina, hamaika izango direnaren bezpera da.