Beñat eta Unai Gaztelumendi, ezkerrean, Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen inprobisazioa ikusten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskarazko hedabideak hainbat eragile, elkarte eta ordezkarirekin batera ospatu du bere sorreraren 10. urtemuga. Diseinu berria eta webgune berritua aurkeztu ditu San Telmo
IRUTXULOKO HITZAk bere sorreraren 10. urtemuga ospatu zuen asteazkenean, San Telmo Museoan, hiriko hainbat eragile, elkarte, auzotar eta ordezkarirekin batera. 150 pertsona inguru elkartu ziren ekitaldian, eta bertako hedabideko lan taldearekin batera gozatu zuten.
Beñat Gaztelumendik bertsoa bota zuen duela hamar urte, IRUTXULOKO HITZAren sorreran; bada, Unai Gaztelumendi anaiarekin itzuli zen herenegun eszenatokira, euskarazko komunikabidea zoriontzeko:
Hitza emanez egiten delako Hitza izan zen bi anaien bertsoek nabarmendutako leloa.
Hamaika Telebistako aurkezle Leire Ferrok aurkeztu zuen ekitaldia, eta antzerkiak eta musikak alaitu zuten ospakizuna. Hain zuzen ere, Aldatzen Laguntzen konpainiak eman zion hasiera ospakizunari, Ion Martinez eta Saioa Royoren umore ukituarekin. Ekitaldia amaitzeko, berriz, Añorgako UK Bill taldeak IRUTXULOKO HITZAren urtemugaren harira egindako abestia kantatu zuen,
Gure Hitza.
Tartean, komunikabideari buruzko bideo bat proiektatu zuten, hiriko zenbait aurpegi ezagunen iritziarekin.
Beste hamar urte baietz! da urtemugaren leloa, eta horixe izan zen oihu errepikatuena bideoan.
Agerraldien txandan, Donostiako Berriak Kultur Elkarteko ordezkari Isidro Yoldik hartu zuen hitza, hiriko 41 eragilez osatutako elkarteko ordezkariak. Yoldik gogora ekarri zuen Donostiako euskalgintzak Bagera eta Berria Taldearekin batera sortu zutela IRUTXULOKO HITZA, eta, «hiru hankak, hiru txuloak» elkartuta, proiektua aurrera atera zutela. «Herritarrentzat erreferente izatea da gure helburua, honetarako kale presentzian eta herritarrekiko gertutasunean igoera esanguratsua lortu behar dugu, auzoetako eragile, elkarte eta abarrekin elkarlanak sortuz. Harremanak estutu nahi ditugu», azaldu zuen.
Diseinu berria
IRUTXULOKO HITZAko zuzendari Aritz Sorzabalek hitz egin zuen ondoren, eta gaurtik aurrera komunikabideak diseinu berria eta webgune berritua izango dituela aurreratu zuen: «Mezu bat nabarmendu nahiko nuke honen harira: aldaketak aldaketa, IRUTXULOKO HITZAren izaerak bere horretan jarraituko duela», ziurtatu zuen.
Hain zuzen ere, esplikatu zuen duela hiru urte IRUTXULOKO HITZAk gogoeta bat egin zuela Donostian zein funtzio bete behar zuen zehazteko, euskaraz informatzeaz harago. Komunikabidea herritarrengandik gertu egon da beti, baina bide horretan gehiago sakondu behar zuela ohartu ziren: «Herritarrak, auzo elkarteak, jai batzordeak, gaztetxeak, auzoetxeak, kultur eta kirol elkarteak eta tokian tokiko gainontzeko eragile guztiak lehentasun dira guretzat, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Bide horretan sakontzeko, hiriko bazter guztietara iristeko asmoz, eta beste komunikabideek ematen ez duten hori eskaintzen jarraitzeko, zenbait egitasmo ditugu esku artean. Esaterako, gehigarri bereziak egingo ditugu auzo eta herriei buruz, tokian tokiko errealitatea bertakoen ahotan ezagutzeko. Lehen gehigarria martxoaren 6an izango da, Antiguari buruz», iragarri zuen.
IRUTXULOKO HITZAko zuzendariorde eta webguneko arduradun Nerea Lizarraldek azaldu zituen webgune berrituaren ezaugarriak. Bildutakoei eskatu zien gaur bertan
Irutxulo.hitza.eus atarian sartzeko, aldaketak bertatik bertara ezagutzeko. Helburua auzoetara gehiago hurbiltzea izango dela berretsi zuen.