Urrats euskaltegiko ikasleak, IRUTXULOKO HITZA irakurtzen, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Raul Perez)
Donostiako bizilagunei begira aritu da etengabe IRUTXULOKO HITZA hamar urte hauetan; horren erakusle, herri mugimenduetan dabiltzanek komunikabide honi buruz dituzten iritziak jaso ditugu.
Hiriko albiste txikienetara iristea gogoko du IRUTXULOKO HITZAk. Helburu horrekin jaio zen, eta lan horretan daramatza hamar urte jada. Herri mugimendu, auzo elkarte zein eragileen ahotsa zabaltzeaz arduratzen den komunikabidea da, herritarren arazo, aldarrikapen eta iritzien berri eman nahi baitu. Asko eta asko izan dira hamar urtez aldizkariaren orrietatik igaro diren herritarrak, eta horietako batzuen iritziak jaso ditu komunikabide honek.
Zer jaso duzu IRUTXULOKO HITZArengandik? galdera egin die, hain zuzen ere.
Ander Edo, Loiola: «Hiriko informazio euskaraz jasotzeko modu bat da»
Batetik, bide bat da egiten ditugun gauzak ezagutzera emateko, eta bestetik, hiriko informazioa euskaraz jasotzeko modu bat da. Gainontzeko elkarteek zer egiten duten jakiteko balio du, eta eguneratuta egoteko. Loiolan, azkenaldian, topoarena edo beste konturen bat izan dugunean, oso trataera txukuna eman diozue. Mobilizazioren bat egiten dugunean badakigu IRUTXULOKO HITZA hor egongo dela edo aterako duela, eta eskertzekoa da. Webgunean ia egunero ibiltzen naiz.
Maialen Gartzia, Añorga: «Egiten dugun lanarentzat bultzada bat da»
Edozer gauza egiten badugu, kanpora edo barrura begira, beti ziurtatuta dugun babes bat da; Begira Lide nola azaldu zitzai- gun Etxe Handia okupatu ge- nuenean! Askotan etorri zarete eta gertatutakoaren berri eman duzue, Txantxangorri dela, Zerbeza eta Patatak, okupazioa, aurrekoan egondako sexu erasoa… Guk sekulako lana egiten dugu kartelak jartzen eta sare sozialen bidez zabaltzen, eta IRUTXULOKO HITZAn azaltzea egiten dugun la- narentzat bultzada bat da.
Ander Zubeldia, Igeldo: «Garrantzitsua da gure aldarrikapenak zabaltzeko»
Nik uste dut tresna bat dela herritarrengandik gertu dagoena eta hitza eman diguna. Beste leku batzuetan lortu ez duguna, zuekin lortu dugu. Gertutasuna du eta uste dut oso baikorra izan dela urte hauetan. Alde batetik, guretzat garrantzitsua da Igeldoren inguruko albisteak agertzen direlako eta edozein gauza antolatu dugunean zabalpena eman zaiolako. Bestetik, Itsas Aurre elkarte moduan, garrantzitsua da gure aldarrikapenak zabaltzeko eta aurrera eramateko.
Josune Otxotorena, Martutene: «Desiatzen egoten naiz ostiraletan zer dakarren ikusteko»
Desiatzen egoten naiz ostiraletan zer dakarren ikusteko, eta etxera iritsi aurretik kafetegian irakurtzen dut. Webgunean ere sartzen naiz, iruditzen baitzait informazio freskoa dakarrela, eta profesionalki ongi egina. Gainera, inguratzen zarete herritar xehearengana, eta herritarrengan sortzen diren mugimenduen isla ematen ere saiatzen zarete. Lan ikaragarria egiten duzue, baina ez dakit jendea konturatzen den! Donostiak beharrezkoa duen altxor bat dugu.
Felix Perez, Aiete: «Egiten dugun balorazioa bi bider ona da»
Hasieratik egon da gurekin, Lan txabe auzo elkarteak antolatutako jarduera guztiak babestu ditu. Literatura eta zine zikloaren harira, batzuetan azalean atera gara, eta beti agendan jarri gaituzue, baita webgunean ere. Donostiako informazioaren berri ematen du, politikaz gain, gizarte eta kultur arloetan ere. Gure webgunerako ere erabiltzen ditugu zuen albisteak. Komunikabideaz egiten dugun balorazioa bi bider ona da, informazioaren aldetik eta euskaraz delako.
Amalur Alvarez, Egia: «Garrantzia handia du auzoetako mugimenduentzat»
Auzoei garrantzia berezia ematen dien komunikabide bat da, eta aukera ematen digu Donostia mailan egiten diren gauzak zabaltzeko. Komunikazio aldetik garrantzia handia du auzoetako mugimenduentzat. Askotan, zuek agertzen zaretelako edo gu zuekin harremanetan jartzen garelako, hor zaudete, zerbait antolatzen dugunean. Errazagoa dugu zuengana iristea beste batzuengana baino, eta beti saiatzen gara zuek kontutan izaten.
Xabier Arberas, Parte Zaharra: «Ostiraletan irakurtzen dudan lehen egunkaria da»
IRUTXULOKO HITZA elkarte xumeen eta, gure kasuan, auzo elkartearen ezinbesteko ahotsa da. Bete duen lana, betetzen duena eta bete beharko lukeena oso garrantzitsua da; benetan lortzen duzue islatzea beste komunikabideetan islatzen ez dena. Ostiraletan irakurtzen dudan lehen egunkaria da, eta benetan guk nahi dugunean gure ahotsa helaraztea, zuetaz segituan oroitzen gara. Parte Zaharrean konturatu gara jende askok irakurtzen duela.
Leire Rodriguez, Ulia: «Gure proiektuen eta arazoen berri eman dugu HITZAren bidez»
Uliako auzo elkartetik beti egon gara euskal komunikabideekin, Donostian duten presentzia garrantzitsua iruditzen zaigu eta IRUTXULOKO HITZA beti izan dugu kontutan. Gure proiektuen eta arazoen berri eman dugu HITZAren bidez; aldarrikapenak izan ditugunean zuei deitu dizuegu eta etorri izan zarete. Iaz, momentu txarra igaro zenutenean, hor egon ginen, eta harpidetza egin genuen, garrantzitsua iruditzen zaigulako.
Odile Arrieta, Amara Berri: «Niretzat alde biko informazio iturria da IRUTXULOKO HITZA»
Niretzat alde biko informazio iturria da IRUTXULOKO HITZA; batetik, hiriko gertaeren berri izateko, eta bestetik, gure jardueren zabalpena egiteko. Zuekin harreman zuzena dugunetik, konturatu gara herri mugimenduen informazioa zabaltzeko tresna paregabea dela. Auzoko euskara batzordea osatzen dugun elkarteen artean oso presente dago; eta urriko jaien bueltan azalean agertu ginenean auzokide askok esan ziguten zer edo zer.
Alex Martinez, Gros: «Zuen lana jai batzordearentzat sekulakoa izan da»
Gainontzeko egunkarietan agertzen ez diren albisteak ematen ditu, eta zuen lana jai batzordea- rentzat sekulakoa da; elkarrizketak egin dizkiguzue, gure ibilbidea jarraitu duzue… Aldaketak izan ditu IRUTXULOKO HITZAk, baina hor egon da hamar urte horietan. Gure albisteak jarri dituzue webgunean, jaietan egon zarete grabatzen eta argazkiak ateratzen, materiala oparitu diguzue zozkatzeko, guretzako sekulakoa izan da egin duzuen lana.
Manex Ralla, Altza: «Herri mailan egin ditugun jarduerak ezagutarazi ditu»
Esango nuke bozgorailu garrantzitsu bat izan dela. Auzo bakoitzari eskainitako tarte bat izaten du eta guk egin dezakegun ekarpena zabaltzeko bide garrantzitsu bat da. Egia esan, azkenaldian faltan bota dugu Altzaren inguruko informazio gehiago egon ez izana, baina orokorrean elementu garrantzitsu bat izan da gure aldarrikapenak zabaltzeko orduan. Herri mailan egi- ten ditugun jarduerak ezagutarazi ditu IRUTXULOKO HITZAk, Altzan eta Altzatik kanpo.
Maddi Mochales, Amara Zaharra: «Erraza da zuekin harremanetan jartzea»
Etxe ondoan gertatzen dena eta gertuen eragiten diguten albisteak jaso izan dituzue. Ezinbeste- koa izan zaigu zuen lana gure jarduera, gertakari edo irakurketak hiriko etxeetara iristarazteko. Polita da, adibidez, auzoko jaietako txapelketak, jolasak eta irribarreak ikustea. Gainera, erraza da zuekin harremanetan jartzea, eta egiten duguna islatua ikustea. Beharrezkoa hitza erabiliko nuke, eta gertutasuna azpimarratuko nuke. Lanean orain arte bezain fin jarrai ezazue!
Joserra Beloki, Intxaurrondo: «Lagunekin kantari programari trataera berezia eman diozue»
Lan egokia egin du IRUTXULOKO HITZAk. Auzoetako kontuak jasotzen ditu eta tratamendu egokia egiten duzuela uste dut, egon diren jarduerekin eta arazoekin. Guretzat interesgarria izan da bertan agertzea. Lagunekin Kantari programari trataera berezia eman diozue, laguntzaile mo- duan agertu izan zaretelako hasieratik. Tratamendu berezia eman diguzue eta oso pozik gaude. Lastima da paperean astean behin bakarrik izatea orain, alde asko nabaritu baita.
Nagore Martinez, Antigua: «Facebooken eta Twitterren asko jarraitzen dut»
Donostiako euskarazko kultura- rentzat plataforma bat da, zer dagoen eta zer mugitzen den jakiteko. Paperekoaz gain, Facebo- oken eta Twitterren asko jarraitzen dut, eta oso ongi datorkit kontzertuen eta erakusketen berri izateko, esaterako. Lilatoian Hitza Taldean parte hartu izan dut, eta oso esperientzia ona izaten da urtero. Aurten ez naiz hasi entrenatzen eta ez dakit parte hartzerik izango dudan. Iaz, gainera, sariarena oso polita izan zen.
Ainhoa Elizes, Loiolako Erribera: «Jardueretan zuen aldeko sustapen lana egiten dugu»
IRUTXULOKO HITZAri garrantzia handia ematen diogu, Donostian dagoen euskarazko astekari bakarra delako. Iruditzen zaigu euskarak egoera normalizatu bat izateko, bertako albisteak euskaraz irakurri behar ditugula. Auzoan euskararen presentzia handitzea nahi dugu, eta iaz zuekin lotutako bi saio egin geni- tuen: ale banaketa bat Ikasbide ikastolan, eta bertso saio bat. Horrez gain, auzoan antolatu ditugun hainbat jardueretan zuen aldeko sustapen lana egiten dugu.