Kontseiluak dei egin du otsailaren 28an, 17:30ean, Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera
Euskaltzale guztiei dei egiten diete, datorren larunbateko manifestazioan parte hartzera. (Argazkia: Kontseilua)
UEMAko hainbat udali aktak euskaraz idazteagatik helegiteak jarri dizkiete, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako euskara dekretuak auzitegietara eraman dituzte eta Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasunezko diru-laguntzak baliogabetu dizkiete. Neurri hauei erantzun sendo eta egokia emateko asmoz, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Gaur Donostiako Bulebarrean eginiko agerraldian, Kontseiluak adierazi du “mingarria” dela “agintari arrotzen eskutik, euskaraz bizi nahi hori itotzeko, euskara hil-hurren uzteko, euskaldunon aurka duten erra etengabea”.
Datorren larunbatean, otsailaren 28an, manifestazioa egingo dute Donostian, eta batzeko deia luzatu dute: “Hemen bildu gara, euskaraz bizi nahi dugun hainbat lagun. Euskaraz bizi nahi horrek batzen gaitu, elkartasun hariak josten ditu gu guztion artean”. Euskarak Batzeneko kide guztien izenean agiri bat irakurri dute Ainara Vazquezek eta Oier Basurkok: “Bada garaia, horiei, euren aginduak gurean ez direla zilegi esatera. Gure herriaren berezko hizkuntzan bizitzeko eskubidea eta asmo dugula irmo adierazteko. Gure hizkuntzari lotutako erabakiak hartzeko aske izan nahi dugula esateko”, adierazi dute.
Euskaraz bizi nahi duten pertsonak irela eta euskaraz bizitzeko determinazioa dutela azaldu dute: “Euskaltzaleak gara, jartzen dizkiguten oztopoei aurre egiteko prest gaudelako, euskaraz bizitzeko hori egitera behartzen bagaituzte. Baina, euskaltzaleak gara, euskaraz bizitzeko neurriak hartzen dituztenak babesteko eta txalotzeko prest gaudelako ere”.
Euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekotzat jo dute herritarren eta instituzioen konplizitatea: “Neurriak hartu eta aurrera egiten badute, argi izan dezatela, bidelagun izango gaituztela”. Hain zuzen, oztopoen gainetik aurrera egitea erabaki duten horiek zoriondu dituzte. Erakundeei ere bide berean urratsak egitera gonbidatu dituzte: “Ez ditugu bakarrik utziko eta oztopoei elkarrekin egingo diegu aurre”.
Geroz eta euskaltzale gehiago han-hemenka euren euskaraz bizitzeko nahian irmo ari direla adierazi dute: “Oztopoen gainetik, aurrera egiteko determinazioa erakusten duen jendea ugaritzen ari dira. Bide horretan bat eginez gero, euskaltzaleon, euskaraz bizi nahi dugunon elkartasunak horma altuenak, oztopo gaiztoenak ere gainditzeko indarra izango du”.