Iaz 33.521 emakume igaro ziren etxetik, eta 50 ekintza baino gehiago egin dituzte
Dagoeneko 332 bazkide ditu Donostiako Emakumeen Etxeak (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Emakumeen Etxeak bost urte beteko ditu aurten. 2010eko azaroaren 13an zabaldu zituen ateak, eta gaur egun emakumeentzat erreferente bihurtzea lortu du. Datuek erakusten dute Emakumeen Etxea erreferentziazko gune bihurtu dela azken urteetan, izan ere, iaz 33.521 emakume igaro ziren etxetik eta, bataz beste, hilabetero 2.794 erabiltzaile izan zituen. Bost urteko ibilbide oparoa ospatzeko festa antolatu dute igande honetan, eta egun osoan zehar ekitaldiak egingo dituzte.
Festa 12:30ean hasiko da, Emakumeen Etxean, Lilatoiaren ondoren, hain zuzen ere. Bertatik aterako dira parte hartzaileak Batu-Poteoan, Parte Zaharreraino. 13:30ean
Emakumeen Etxean memoriaren aurkezpena egingo dute, eta ondoren, Mugimendu tailerrak performace-a eskainiko du. 14:00etan, elkarteko koortinatzaileek ere beste ikuskizun bat eskainiko dute, eta ondoren catering-az gozatuko dute bertaratzen direnek. Amaitzeko, 14:45ean kontzertua eskainiko du Furia taldeak, eta ondoren Sabur taldeak karaokea antolatuko du 15;30ean.
Bost urte berdintasunaren filosofiari eutsiz
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak iazko jardueren memoria aurkeztu du gaur, eta azpiegitura gero eta errotuago dagoela adierazi du: “Donostiako Emakumeen Etxea espazio erreferentea da; emakume askok amestutako proiektua, herri mugimenduaren eskutik sortutakoa, eta sendotu egin dela begibistakoa da”. Sampedroren hitzetan etxeak sorrerako filosofiari eutsi dio: “Emakumeen Etxea proiektu aitzindaria, parte-hartzailea, eraldatzailea, berritzailea, anitza, bizia, zabala, hezitzailea, eragilea, solidarioa, laikoa, autonomoa eta independientea baita”.
Hain zuen ere, gaur egun 332 bazkide ditu etxeak, eta iaz 50 ekintzatik gora egin zituzten, tartean, 28 ikastaro, 15 hitzaldi eta hiru erakusketa. Gainera, etxean bost zerbitzu iraunkor eta sei proiektu daude, harrera onarekin; 766 eta 85 erabiltzaile dituzte, hurrenez hurren.
June Gonzalez Emakumeen Etxea Elkarteko dinamizatzaileak azpimarratu du kide asko beste elkarte batzuetan ere ibiltzen direla eta hori oso aberasgarria dela: “Gipuzkoako emakume elkarte handienetakoa gara eta bakoitza norbere ordezkaria izan arren, gehienak beste elkarteren batean ere ari gara, azken batean, elkarteen elkarte bat gara, saretzen ari dena, eta gure elkartea denon parte hartzearekin indartzen da”. Juana Aranguren Emakumeen Etxeko presidenteak ere kideen aniztasuna azpimarratu du: “Gehienak donostiarrak bagara ere, badira inguruko herrietatik datozenak: Irun, Hernani…”. Gimena Zeitlig kideak, berriz, ekintzak eta tailerrak iragartzeko hilabetekari bat argitaratzen dela azaldu du: “Emakumeen Etxean banatzen dugu eta baita gure kideen artean ere, eta bertan ekintza guztiak jasotzen ditugu, hilabetero-hilabetero”. Hiru kideen esanetan, Etxeak eraikin handiagoa beharko luke etorkizunean, jasotzen dituen emakume kopuruari eusteko: “Gehienek gomendio juridikoak eta psikologia zerbitzuak eskatzen dizkigute”.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Laure Gomezek adierazi du azpimarratzekoa dela Emakumeen Etxearen proiektua emakume mugimenduek kudeatzea, hau da, bazkidetza librea eta irekia izatea gakoa dela berdintasunean lanean aritzeko.Hain zuzen ere, bide horretan aurrera egiteko 40.000 euroko ekarpena egin dio aldundiak Etxeari. Horrekin batera, udalak espazioaren erabilerarako hitzarmena sinatu du elkartearekin eta aurten 45.000 euroko dirulaguntza eman dio.