Hitza taldea saritu zuten iaz Lilatoiko arduradunek. (Argazkia: Lide Ferreira)
IRUTXULOKO HITZA Lilatoian izango da aurten ere, seigarren urtez jarraian. ‘Euskaraz parekidetasunerantz’ leloa soinean hartuta, Hitza Taldeko kideek elastiko arrosekin parte hartuko dute 26. Lilatoian. Datorren igandean izango da Lilatoia, 11:00etan, eta lasterketa hasi aurretik bat egingo dute Hitza Taldeko kideek, Bulebarrean, elkarrekin egoteko.
Bat baino gehiago dira urtez urte Lilatoian Hitza Taldearen izenean parte hartu dutenak, eta harreman polita sortu dute elkartzen direnen artean. Aurten ere dagoeneko bederatzi lagunek ziurtatu dute euren partaidetza, eta deialdia zabalik dago, parte hartu nahi duen edonorentzat.
Interesa dutenek mezu bat idatz dezakete
kirola@hitza.eus posta elektronikora, edo telefonoz dei dezakete erredakziora: 943 46 72 36.