Urumeak gainezka egin du. Antzieta, Okendotegi eta Pilar auzuneko hainbat bizilagun etxez aldatu dituzte .Arantzazuko Ama ikastolan ez da eskolarik egon, eta udalbatzarra bertan behera utzi dute
Martuteneko bizilagun bat, Pilar auzunean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eguraldi kaskarrak ez du etenik izan egunotan, eta hiria zigortu duen euriteak, asteazken arratsaldetik atzo bitartean, Martutene eta Txomin Eneako auzotarren egunerokoa erabat aztoratu du, Urumea ibaiak gainezka egin eta gero. Horrenbestez, ohiko irudiak eta lekukotasunak errepikatu dira ibaiaren inguruko auzoetan; Pilar auzunean, batez ere.
Kaltetutako bizilagunak eta kaltetu gabekoak bueltaka ibili dira han eta hemen, egoera ikusiz eta euren artean babestuz. Isabel Perezek urteak daramatza Martutenen, eta beste lagun batekin batera zebilen auzoan Irutxuloko Hitzarekin topo egin duenean: «Honetara ez zara sekula ohitzen; 35 urte daramatzagu hemen bizitzen eta beti ezusteekin gabiltza. Behingoz bukatzea espero dugu».
Asteazken gaua batzuek besteek baino lasaiago igaro zuten, Perezek jakinarazitakoaren arabera: «Egia esan, nik lasai igaro dut gaua, argia joan zen eta ohera. Garajean 40-50 zentimetro inguru sartu zitzaigun ura, eta gauzak mugitu genituen». Pilar auzuneko egoerarekin kezkatua agertu zen: «Ni dorrean bizi naiz, eta kezkatzen gaituena Pilarreko bizilagunena da, halako kontu bat dagoen bakoitzean beraiekin gogoratzen zara».
Martuteneko Ojeda liburudenda irekitzeko ez zuten inolako arazorik izan, baina bezeroen joan-etorrian ez zegoen beste gairik: auzoaren egoera tamalgarria. Haserre, oso haserre zegoen Montse Ojeda dendaria: «40 urte daramatzat Martutenen, eta honek ez du aurrera egiten. Berdin zait zein alderdik agintzen duen, inork ez dio arazoari irtenbiderik jartzen. Ibaiaren bideratzea konpontzea baino garrantzitsuagotzat jotzen dute bidegorri bat egitea».
Bizilagunek dagoeneko Martutene bigarren mailan geratzen dela onartu dute, Ojedaren esanetan: «Martutene, Txomin edo Loiolaren ordez, arazo hau Amarak izango balu, seguru konpondua egongo litzatekeela».
Saminduak
Ana asteazken gauean bere etxetik joan behar izan zuen bizilagunetako bat da. Bera ere bueltaka zebilen auzotik, egoera bertatik bertara ikusten: «Ibaia ateratzen den bakoitzean gauzak hartu eta joan egin behar izaten dugu. Ni atzo nire amaren etxera joan nintzen, eta nire senarra Amarara. Suminduak gaude, eta beste leku batera bizitzera joatea pentsatzen ari naiz».
Dagoeneko ez duela irtenbiderik ikusten esan zuen: «Hiru urte daramatzagu ibaia dragatu dezatela eskatuz, eta inguruko faunari eragingo diola diote. Nik ez dut irtenbiderik ikusten, ez zubi berria, ez ezerrez. Nire auzoa oso gogoko dut, baina erreta nago, gainontzekoen moduan».
Martuteneko bizilagunetaz eta dendariez gain, Arantzazuko Ama ikastolako langileak ere auzoan barrena zebiltzan atzo goizean, eskolak bertan behera utzi behar izan baitzituzten. Irakasleren bat kamera hartuta ere ibili zen, argazkiak atereaz. Ikastolan ez zen urik sartu, baina zegoen egoerarekin auzoko egunerokoa aldrebestua zen.
Ibaiaren egoera begiratzera joan zen Ascen Zelaieta irakaslea: «Ikasleak ez dira etorri, batzuk hemengoak dira eta beste batzuk Astigarragakoak, eta errepidea itxita dago. Ni ez nengoen ikastolan oraindik, baina badakit duela hiru urte ura sartu zela eraikinean, metro batetik gora».
Alerta gorria
Krisi Mahaiak alerta gorria piztu zuen asteazken arratsaldean Urumeari zegokionez, eta protokoloa jarri zuten abian. Baina, Urumeak bere bidea egin zuen, eta hankaz gora jarri zuen Martutene eta Txomin Enea. Hamazazpi pertsona pasatu zuten asteazkena eta osteguna arteko gaua etxetik kanpo, Gizarte Zerbitzuko langileek artatu eta gero. Atzo arratsaldean, etxetik atera zituzten bizilagun gehiago; Pilar auzunean, Antzietan eta Okendotegi bidean.
Ordu batzuk lehenago ere ez zen giro ibaiaren inguruko auzoetan. Autobus geltokia Martutenetik atera eta 27 poligonoaren pareko biribilgunean jarri zuten goizean goiz; udaltzaingoak eta suhiltzaileak lanean ari ziren; autoak edonon aparkaturik ikus zitezkeen, espaloi gainetan, errepide ertzean; Okendotegi bideak itxita jarraitzen zuen, Txomineko errepidearekin batera –Antzieta–; eta ikastolan ez zuten eskolarik eman. Hori bai, argindarra goizeko 2:00etan itzuli zen auzora, ibaiak gainezka egin zuenean joan eta gero. Iberdrolako langileak auzoan ziren goizean, behar ziren ukituak egiten.
Juan Karlos Izagirre alkatea ere Martutenen izan zen, udaleko beste zinegotzi batzuk bezala. Hain zuzen ere, otsaileko udalbatzarra bertan behera utzi zuten udal taldeek, bizilagunei babesa emateko. Asteartean egingo dute, 10:00etan.
Bestalde, udal gobernuak bilera ireki bat iragarrita zuen atzo arratsalderako, Martuteneko elizan, teknikarien eta Añarbeko ordezkariekin batera, auzotarren kezkei erantzuteko.
Izagirre: «Bi urte itxaron beharko dira oraindik»
Juan Karlos Izagirre alkateak esan du datorren legegintzaldia «erabakigarria» izango dela arazoari irtenbidea emateko: «Obrak egin arte, ordea, bi urte itxaron beharko dira oraindik. Bitartean, gertatzen ari dena berriro gerta liteke, eta bizilagunak haserre daude, arrazoi guztiarekin. Hala ere, bizilagunen jarrera orokorrean eredugarria dela uste dut».