"Agertoki handitan jo dugu, baina ez gara inoiz txiki sentitu"
Koldo Soret, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko gitarrista eta ahotsa
Nerea Lizarralde
Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea.
Bi urte dira lehen lana argitara eman zuenetik, eta orain ‘Lainoland’ izeneko disko txikia argitaratu berri du Niña Coyote eta Chico Tornadok. Ursula Strongek eta Koldo Soretek osatutako bikoteak, 2012an egindako crowdfunding kanpainaren bidez argitaratu zuen lehenengo diskoa, eta hura aurkezten jardun dute gaur arte, han eta hemen kontzertu mordoxka eskainiz. Irailean Kutxa Kultur Festibal jaialdian joko dute, euren gitarra astun eta bateria indartsuarekin.
Iaz Kalifornian [AEB] eta Mexikon egin zenuten bira aprobetxatu zenuten Lainoland grabatzeko.
Urrian izan zen bai. San Frantziskon egun libre bakarrean grabatu genituen abestiak, Faultline estudioetan. Gerora hemen, Andoaingo Garate estudioetan, nahastu eta masterizatu genituen, Kaki Arkarazorekin. Bost abesti bildu ditugu guztira, Jimi Hendrix-en Foxy lady eta Dut taldearen Haize eza abestien bertsioak, tartean. Izan ere, azkenaldiko kontzertuetan jo ditugunean jendearen harrera oso ona izan da, eta guk ere gustura jotzen ditugu. Hauek ere estudioan ‘botatzeko’ beharra genuen.
Kutxa Kultur Festibal jaialdia ezagutzen al zenuten?
Duela bi urte egon ginen. Egia esan, jaialdiaren kutsu korporatiboa ez zaigu gustatzen, Kutxarena alegia. Mobida hauetatik aldentzen saiatzen gara, ez baikara identifikatuta sentitzen. Baina jakin badakigu oso aukera ona dela gure taldea ezagutzera emateko, beraz ez gara kexatuko. Lekua izugarria da, oso berezia. Gainera poz handia ematen digu Yo La Tengo edo Ainara Legardonekin egotea jaialdian.
Indie eta pop taldeen artean zuek sortuko duzue burrunba gehien…
Orandik ez dugu kartel guztia ezagutzen, baina litekeena da, bai. Poperoak astinduko ditugu [barrez].
Primavera Sound eta Azkena Rock-en egon zarete, jada ohituta egongo zarete horrelako jaialdietan jotzera.
Agertoki handitan jo dugu, baina ez gara inoiz txiki sentitu. Egia da formatu handiko kontzertuak izaten direla jaialdietakoak, baina gu oso ondo moldatu gara, publikoaren erantzuna izugarria izan da beti.
Duela bi urte sortu zenuten Niña Coyote eta Chico Tornado. Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?
Oso gustura gaude. Kristorena izan da. Han eta hemen jo dugu, ia atsedenik hartu gabe. Eta ikusleen harrera zoragarria izan da. Oso pozik gaude.
Kanta berriak egiten ari omen zarete…
Bai, gauza berriak probatzen ari gara, entseatzen, konposatzen… Gabonetan grabatuko dugu, eta 2016ko udaberrian kaleratzeko asmoa dugu. Horregatik saiatzen ari gara zuzeneko gutxiago ematen. Iaz kontzertuz kontzertu ibili ginen, baina orain lasaiago gaude, hurrengo diskoa prestatzeko denbora gehiagorekin. Udan emango ditugu kontzertu gehiago.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea