Artikutza babesteko neurri berriak onartu ditu udalak
Etxaldearen bioaniztasuna zaintzea dute helburu hartutako neurriek
Udalak Artikutzaren bioaniztasuna zaintzeko neurri berriak onartu ditu gaur. Horrela, aurrerantzean, erabilerei, sarbideari eta jarduerei buruzko agindu berria izango du guneak. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak nabarmendu du araudi berri honekin etxaldea behar bezala kontserbatu eta kudeatuko dela, erabilera publikoa eta gunearen babesa bateragarri eginda: “Artikutzak natura balio handia dauka, eta nabarmentzekoak dira bi elementu: batetik, basoa, eta bestetik, erreka sare zabala; horietatik hornitzen dira bertan dauden habitat eta espezie gehienak. Gure ustez, agindu honen bidez, asko lagunduko dugu bioaniztasuna babesten”. Hain zuzen ere, gaur da Naturaren Mundu Eguna, eta egun honetan neurriak onartu izana nabarmendu du Jakak: ” Bioaniztasuna kontserbatzea Donostiaren Ingurumen Estrategiak dituen lau erronketako bat da. Ingurumen estrategia horrek Hiriberdea 2030 du izena, eta udal gobernuak 2030 urtera bitarteko erronka bat jarri dio bere buruari; udalerriko azaleraren % 25ek bioaniztasuna kontserbatzea bermatuko duen irudi bat izatea”. Jakaren arabera, Nafarroako Gobernua azkentzen ari den Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa planarekin bat egiten dut araudi berriak: “Espero dugu planaren ardatz nagusia bioaniztasuna babestea eta kontserbatzea izatea, eta nahi genuke aurten bertan Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea”. Hauek dira onartutako arau berri horietako batzuk, sarbideei dagokienez: 1.- Artikutza Etxaldera edozein garraiobide motordunez sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik udalaren baimena edukitzea. 2.- Ibilgailu motordunez sartzeko baimenak Udalinfoko bulegoetan emango dituzte. 3.- Eguneko 25 ibilgailu baimenduko dira, eta 5 ibilgailu, baimen bakoitzeko; kopuru horietan ez dira zenbatuko aterpetxean dauden autobusak eta taldeak. Autobusez sartu behar diren talde handiek eskaera bat aurkeztu beharko dute, bisitaren arrazoiak zehaztuz. 4.- Baimenak, egun bakar baterako emango dira, eta bisitarako ordutegia hau izango da: 8:00-20:00. Salbuetsita daude aterpetxeko egonaldiak, sartzeko baimena izango baitute egonaldiak iraun bitartean. 5.- Aurreko arau orokorraren salbuespen gisa, baimen bereziak eskuratu ahal izango dira denbora gehiagorako, baina soilik hezkuntzako, ikerketako edo antzeko jarduerak egiteko. 6.- Segurtasun arrazoiak direla eta, debekatuta dago 10 metrotik gorako luzera duten ibilgailuak etxaldera sartzea. 7.- Debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea sarreran dagoen atetik (Eskas) herria hasten den lekuraino; hortaz, Eskaseko aparkalekua eta Artikutza herrixka izango dira aparkatzeko gune bakarrak. Jardueren eta erabileraren inguruko arauak ikusgai daude