Lehen kanporaketan Eneko Abasolo 'Abarkas', Ander Lizarralde, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Eneritz Zabaleta eta Julen Zelaieta ariko dira kantuan.
Xabier Sukia eta Mantxi, euren sariekin, 2013an. (Argazkia: Bertsoa.com)
Bi urtez behin jokatzen da bertsolari gazteei zuzenduriko Orixe bertso sariketa. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak antolatzen du eta aurtengoa 15. ekitaldia izango da. Hamabi bertsolari ariko dira kantuan, bi kanporaketatan banatuta, biak ala biak Jolas Etxean. Lehen kanporaketa martxoaren 13an, ostirala, izango da. Eneko Abasolo
Abarkas, Ander Lizarralde, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Eneritz Zabaleta eta Julen Zelaieta ariko dira kantuan. Bigarren kanporaketa martxoaren 20an egingo dute. Xabier Legarreta
Arano, Nahikari Gabilondo, Manex Mujika, Iker Osa, Arkaitz Oiartzabal
Xamoa eta Iñaki Zelaia ariko dira.
Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egingo dira finalaurrekoetatik finalera. Binaka ofiziotan, zortziko handian hiruna bertso; binaka ofiziotan, zortziko txikian hiruna bertso; bina punturi erantzun; bakarka, gai baten inguruan bi bertso nahi den doinu eta neurrian eta kartzelako lanean binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso. Horiek izango dira finalaurrekoetan egin beharreko ariketak. Finalean, berriz, binaka ofiziotan, zortziko handian hiruna bertso; binaka ofiziotan, zortziko txikian hiruna bertso; bina punturi erantzun; binaka gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzelako lanean gai baten inguruan hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saio bakoitzeko 3 lehenak sailkatuko dira martxoak 27ko finalera. Saioak bertso afari formatuan egingo dituzte. Bertara joan nahi dutenentzat izena emateko zerrendak jarriko dituzte Jolas Etxean. Afariak 20:30ean hasiko dira, eta 22:00etan saioak.
Orixe Sariaren azken irabazlea, 2013. urtean, Iñigo Mantzisidor
Mantxi izan zen. Orixe Saria Añorgako zenbait bertsozaleren ekimenez sortu zen lehen aldiz 1972. urtean.