New Jerseyko (AEBak) indie rock hirukotea da Kutxa Kultur festibalak laugarren ekitaldirako egin duen fitxaketa garrantzitsuena. Euren kontzertua jaialdiaren historian “mugarri” izango delakoan daude antolatzaileak. Hala adierazi du gaur Sergio Cruzado Ginmusica promotorako arduradunak: “Estatu espainiarrean emango duten kontzertu bakarra izango da. Belaunaldi oso baten soinu banda egin dute, eta uste dugu jende asko erakarriko duela”. Edorta Subijana artista donostiarrak diseinatutako kartelean hizki nagusiz agertzen den beste taldea Irlandatik dator: The Strypes. “Rocka egiteko modua irauli egin dute hogei urteko gaztetxo hauek, eta egun rockaren erreferente direnen onespena lortu dute. Artic Monkeys taldeak euren bira irekitzeko hautatu zuen. Udan bigarren diskoa aurkeztuko dute, eta hain zuzen, Igeldon euren kanta berriak entzuteko aukera izango dugu”, azaldu du Cruzadok.
Malagako Annie B. Sweet abeslariak ere disko berria aurkeztuko du Igeldon eta kartela konpartituko du indie folk amerikarraren musa bihurtu den Angel Olsenekin, Angel Stanichekin – 2014ko errebelazioa Radio 3 hedabidearen arabera- eta Mourn katalanekin.
Joanna Gruesome galestarren pop punk erritmoak, Ainara Legardon bilbotarraren zuzeneko indartsua, Tremenda Trementinaren popa… Donostiarrak ere igoko dira taula gainera. Niña Coyote eta Chico Tornadoren burrunbak dardarka utziko du jolas parkea, eta Rafael Berrio musikariak kanta berriak estreinatuko ditu.
Jaialdia hazteko hainbat lankidetza lortu dituztela plazaratu dute antolatzaileek. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin bat egin dute, eta Kutxa Kultur Festibalaren asteburuan Igeldotik harago ere kontzertu gehiago eskainiko dituzte: “Musika gerturatu nahi diegu herritarrei. Erdialdean ere egon nahi dugu, adin askotako jendearengana iritsi eta musikazale berriak lortzeko. Kontzertu akustikoak Erdialdean eta Parte Zaharrean, eguerdi eta arratsalde partean, nazioarteko zein bertako artistenak”.
Donostia eta inguruko ikusleak ez ezik, kanpotarrak ere erakarri nahi dituzte, eta bidaia agentzia baten bitartez abonamenduak eta Donostiara jaialdiaren asteburuan etortzeko eskaintza bereziak egingo dituzte.
Jaialdi txikia bada ere – 5.500 ikusleko aforoa- , ikusle gehiago erakartzeko beldurrik ez dutela adierazi du Cruzadok: “Jaialdiaren formatua ez da aldatuko, nortasun oso zehatz bat du. Jaialdiak ezin ditu ikusle gehiago hartu Igeldoko jolas parkean, eta guk ere horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Lortu nahi duguna da jaialdia sustatzea, eta jaialdira joaten diren 5.500 pertsona horiek sentitzea bertan egtea luxu bat dela”. Kutxa Kultur Festibala modu horizontalean haztea nahi dutela argitu du Cruzadok: “Jolas parkeko kontzertuak bere horretan mantenduko ditugu, baina Erdialdean ere egon nahi dugu. Jaialdiaren bezperan ere kontzertu batzuk egitea pentsatu dugu, hain zuzen Kontxako Banderaren sailkatze estropadan.
Gaur jaialdian izango diren talde batzuen izenak eman dituzte, hamabi guztira, baina askoz gehiago daudela azaldu du Sergio Cruzadok: “Hogeita hamar talde baino gehiagok joko dute. Maiatzaren 4an emango dute jaialdiari buruzko informazio guztiaren berri, eta orduan hasiko dira eguneko sarrerak saltzen. Abonamenduak ostegunean jarriko dituzte salgai, 11:00etan. 35 eurotan eskuratu ahal izango dira. Apirilaren 15etik aurrera, ordea, prezioa igo egingo dute eta 42 eurotan salduko dituzte. Kutxabank, Ticketea eta Ticketmaster zerbitzuetan eskura daitezke.
Ospakizun kontzertua Aquariumen
Kutxa Kultur Festibalak kartela eta datak badituela ospatzeko kontzertu bat egingo dute ostiralean Aquariumen. Sonic Youth taldeko Lee Ranaldo musikariak zuzeneko bat emango du auditorioan, 20:00etan. Akustikoan grabatutako diskoa aurkeztuko du bere bandarekin, The Dust taldearekin. Sonic Youth talde ezagunaren sortzailea da, eta azken 30 urteetako gitarrista onenetakoa dela diote. Sarrerak jada salgai daude. Kontzertura joaten diren ikusleen artean Kutxa Kultur Festibalerako abonamendu bikoitz bat zozkatuko dute.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea