Jon Odriozola: 'Hurrengo kanporaketa '
Jon Odriozola, Kazetaria
Herenegun, kataluniarrek eta euskaldunek jokaturiko Kopako finalerdiak inbidia pittin bat eman zidan, iazko finalerdi bat ekarri baitzidan gogora. Realak aspaldiko partez jokatu zuena.
Ia hutsik zegoen Camp Noun jokatu zen joaneko partida, gaueko ordu txikietan, eta emaitza ez zen batera gozoa izan (2-0). Halere, zale txuri-urdinak ez zuen esperantza galdu eta taldea gogotsu irten zen itzulerako deman. Hura giroa! Bartzelonak markagailuan aurrea hartu zuenean, «hau bukatu da» pentsatu zuen zalegoak: Griezmannen golari esker berdinduta amaitu zuen partidak.
Beste behin, Bartzelona finalera. Halere, partida hartan gauza bitxi bat gertatu zen. Lehia amaitzeko hamar bat minutu falta zirela, zaleak bere bufanda eta bandera txuri-urdinak aireratuz, zutik jarri eta taldeari atxikimendu eta berotasuna azaldu zion partida amaieraraino. Finalera pasa ez arren, jendea gustura irten zen zelaitik.
Anoetatik ospa egin baino lehen, «honek buelta izango du», esan nuen nire artean. Handik hamar egunetara, Bartzelonak berriz egin zion bisita Realari. Oraingoan Ligako puntuak ziren jokoan zeudenak. Eta partida oso bestelakoa izan zen. Txuri-urdinak ederki nagusitu ziren, eta egun batzuk lehenagoko partidako mendekua hartu zuten. Zalegoari bere hurbiltasuna eskertzeko partida ederra.
Aurtengo Ligako lehen itzulian, Espanyolek, igandeko Ligako arerioak, 2-0 hartu zuen mendean Reala. Ez zuten txuri-urdinek ondo jokatu. Orain, itzuliko partidaren atarian gaude. Kopako kanporaketa bat balitz bezala, Realak, Espanyol mendean hartu behar du, bestela bere egoera dezente oker daiteke. Ez du Lehen Mailatik kanporatua izan nahi.
Denboraldi guztia atzera begira daramagu. Atzetik datozenen emaitzak maizegi begiratzen ditugu. Beti zelatan. Denboraldi hasierako ametsak zapuztu dira, eta orain mailari eusteko beharrezko puntuak lehenbailehen pilatzea da xedea. Helburu ez batere erraza.
Atzetik datozenek denboraldi hasieratik bazekiten atzeko tropelean ibiliko zirela. Larri. Ez, ordea, Realak. Eta ez dago gauza ezeroso eta urduriagorik uste ez duzun egoera batean murgiltzea baino. Igandean, Kopako partida gogoangarri hartan bezala, zaleak berebiziko garrantzia izango du. Beste behin. Txuri-urdinek kanporaketa garrantzitsua dute. Helburua, zulotik irtetea. Arnasa hartzea.