Konpromiso Eguna prestatzen hasi dira dagoeneko. Gaur egun, sei donostiar daude epaiketa politikoetan murgilduta, eta elkartasuna adierazi diete aurkezpenean.
Libre Donostiako ordezkariak, udaletxean, atzoko agerraldian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Libre Donostiak Konpromiso Eguna antolatu du apirilaren 11rako, hainbat donostiarren aurkako epaiketa politikoak salatzeko helburuarekin. Iazko formula berdina erabiliko dute, eta egun osoan zehar ekitaldiak egingo dituzte, herritarrek parte hartu dezaten.
Horrekin batera, orrialde zuri bat jarriko dute mahai gainean, nahi duenak bere ekarpena egin dezan. Bestalde, orain laguntza eskaintzeko epea hilaren 16tik 27ra bitartean izango da, eta horretarako webgune bat martxan jarriko dute.
Libre Donostiako kide Mikel Eskirozek Konpromiso Egunari buruzko xehetasunak eman zituen atzo, udaletxean egindako aurkezpenean. Herritarrei egun horretan parte hartzeko deialdia egin zieten, militantzia politikoagatik espetxeratuak izan diren eta etorkizunean izan daitezkeenei babesa adierazi, eta epaiketa politikoak amaitzeko eskatzeko.
Eskirozek azaldu zuenez, gaur egun sei dira epaiketa politiko horietan murgilduta dauden donostiarrak. Alde batetik, 35/02 auzian epaituta daude Joseba Alvarez, Agustin Rodriguez eta Juani Lizaso; hiruak sententziaren zain daude, espetxeratuak izateko arriskuarekin.
Bestetik, Nuria Alzugarai eta Iñigo Baldaren aurkako epaiketa hasi berri dute, Segurako auziarengatik. Horrekin batera, Eskirozek gogora ekarri du laster epaituko dituztela Urko Aierbe eta Ugaitz Elizaran, Ekinen aurkako sumarioan.
Eskirozen hitzetan, «sinestezina» dirudien arren, epaiketa politikoek aurrera darraite 2015eko martxoan. «Honen aurrean, lan asko egin da epaiketa hauekin bukatzeko. Gero eta gehiago dira epaiketa hauen kontra lan egiten duten herritarrak, epaiketa zentzugabe hauekin bukatzeko konpromisoa hartu duten donostiarrak», ekarri zuen gogora. Eskiroz bera Segiko kide izatea egotzita epaitu zuten 2013. urtean.
Desobedientzia, ardatz
Apirilaren 11ko eguna hausnarketa eta eztabaidekin hasiko dute,
Libre Topaketak.02 izenean. Besteak beste, herri erresistentzia eta desobedientzia zibilaren inguruko hausnarketa egingo dute, eta baita hainbat ariketa praktiko ere. Horrekin batera, bertaratuek espetxeratuak izan diren kideen berehalako askatasuna eta makroepaiketa guztien alboratzea eskatuko dute. Amaitzeko, Eleak mugimenduaren eta herriz herri Libre dinamika bultzatzen duten lan taldeen arteko bateratzea egingo dute.
Eztabaida ez da egun horretako jarduera bakarra izango. Izan ere, Eleak-en eskutik herri harresien esperientzia kontatzen duen dokumentala ikusteko aukera izango da. Dokumental hori crowfunding bitartez finantzatu zuten, eta Ricard Salomon zuzendari kataluniarrak egin zuen. Horrekin batera, egun guztian zehar izango dira joaldunak, pilotariak, musikariak, bertsolariak eta tabernariak, jaia alaitzeko. Apirileko jaiarekin batera, hilaren 28an
Añorgako Libre Eguna ospatuko dute, eta bertan bazkari herrikoia eta kontzertuak eskainiko dituzte