Euskararen erabilera bultzatzeko ekitaldi bat egingo dute hilaren 28an
Udalak 'Donostian ere euskaraz' kanpaina martxan jarri du, herritarrek lehen hitza euskaraz egin dezaten.
Ane Urrutikoetxea
Nerea Txapartegi Euskara ordezkariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak aurkeztu dute ekitaldia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostian ere euskaraz kanpaina aurkeztu dute gaur Euskara arduradun Nerea Txapartegik eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, hiritar guztiei lehen hitza euskaraz egin dezaten animatzeko. Horretarako, ekitaldia egingo dute hilaren 28an, larunbata, eta dagoeneko martxan jarri dute kanpaina auzo guzitetan.
Orain dela urtebete hasi zuen udal gobernuak euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko kanpaina, administrazioan, merkataritzan, kultur azpiegituretan eta kiroldegietan bezala, egunerokoan eta espazio publiko zein pribatu guztietan ere euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Izagirrek hiri euskalduna aldarrikatu du, euskara ulertu eta erabiltzeko gai diren herritarrak %70 direla gogora ekarriz: “Donostia euskararen hiria da, eta geroz eta hiri euskaldunagoa izatea nahi dugu, hortaz, lehenengo hitza euskaraz egitera animatu nahi ditugu herritarrak, izan kalean, etxean, dendan, tabernan, lanean, edo administrazioan. Donostia hiriburu euskaldunena bada ere, ezagutza eta erabileraren arteko aldea oraindik ere handia da; une honetan 122.000 donostiar euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren arren, %16ak bakarrik erabiltzen du euskara. Kanpaina honen bidez hori irauli nahi dugu, eta lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hori euskaraz hitz egiten jarraitzeko lagungarria delako”.
Egitasmoa dagoeneko administrazioa, kultura eta kirolaren eremuetara hedatu dute, eta baita merkataritza eta ostalaritzara ere. Orain, hiriko bazter guztietara iristeko, ekitaldia egingo dute 28an, Konstituzio plazan. Donostia euskaraz betetzea irudikatu nahi da bertan, hitzen, hotsen, globo jolasen eta hiztunen bitartez, eta besteak beste, herritarrek euskarazko hitzekin idatzitako globoak aireratuko dituzte. Horrekin batera, 12:00etatik aurrera Xabier San Sebastian abeslaria, Txan Magoa eta bestelako sorpresak ere izango dira ekitaldian. Hiriko hainbat auzotako zebra-bideak ere euskararen aldeko esaldiekin margotuko dira.
Txapartegiren esanetan, plaza jendez eta euskaraz betetzea da asmoa: ““Hilaren 28an euskararen aldeko manifestua irakurriko dugu eta udal langileek hartu duten konpromisoa, lehen hitza euskaraz egitearena, donostiar guztiei luzatuko diegu, konpromiso hori guztiok gure gain hartuz. Donostia euskaraz beteko dugu guztion artean, eta horretarako baliabide nagusia globoak izango dira. Egunean bertan, Konstituzio plazara joaten diren herritarrek euskarazko lehen hitza globo batean idazteko aukera izango dute eta horri esker, plaza koloretako globoez eta euskaraz bete ahal izango da. Horretarako, gaurtik aurrera, auzo, eskola, leku publiko eta hainbat establezimendutan globoak eta ekitaldiari buruzko informazioa banatuko da herritarrek kanpaina eta ekitaldiaren berri izan dezaten. Donostiako Euskara Zerbitzuko bulegoan ere eskuratu ahal izango dira globoak”.
Euskararen erabilera zabalduz
Izagirreren hitzetan, euskara erabiltzeko kanpainak eman ditu lehen fruituak, eta kanpaina hasi zenetik 170 lanpostu gehiagok dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna: “Udalak 1.397 langile ditu eta horietatik 1.032 gai dira euskaraz hitz egiteko, hau da, langileen %73; horrekin batera, kulturak kudeatzen dituen gune guztietan euskararen erabilera bermatuta dago. Kirol Patronatuaren bidez kudeatzen diren kiroldegietan, berriz, bataz beste, horietako % 91.88an bermatuta dute donostiarrek euskaraz artatuak izatea.
Txapartegik iaz abian jarritako kanpainaren inguruko xehetasunak eman ditu: “Administrazio publikoa herritarrak euskaraz artatzeko prest dago, beren hizkuntza eskubidea bermatzeko, eta orain beste urrats bat ematen ari gara, gune horiek identifikatuz, herritarrak jakin dezan bertan euskaraz egiteko aukera duela”. Horrela, udal bulegoak, kultur etxeak, liburutegiak, antzokiak, museoak, eta kiroldegietan kartelak eta eranskailuak jarri dira. Hiriko 400 establezimendu baino gehiago ere identifikatuta daude dagoeneko (eranskailuak dituzte) eta prest daude herritarra euskaraz hartzeko.
Donostian ere euskaraz spota ikusi daiteke hemen: