'Herri banaketa Bizkaierara'
Urte askotako borrokaren ondoren, Bizkaiko EAJk aurkeztu du herri antolakuntzari buruzko Foru Arau berria, bertako Batzar Nagusietan. Azkenik, Usansoloko herriak lortuko du bere udalerria garatzeko aukera Galdakaotik berezita. Zorionak usansolotarrei. Baina, herri honetan ez dago bainarik gabeko ezer, atzeko atetik sartu duten araudi berriak, gutxieneko biztanleria kopurua, 2.500ean zehazten du udalerri berri bat sortzerakoan.
Esate baterako, araudi berriak Usansolokin zuten korapiloa libratzen du, baina bide batez Gipuzkoako jeltzaleei laguntzen die, gutxieneko populazioaren asmakilloa onartuz. Alegia, 2003ko Igeldoren aurkako Foru Arauak ezarritako 2.500eko kopurua bereganatuz.
Ez dio axola, duela hamar urte Bolibarri onartutako udalerri izaerak eta honek bere 400 biztanleekin ordutik hona daraman bideak, inolako arazorik gabe. Gutxiago oraindik, gipuzkoar oposizioko hirukoteari, 200 biztanle soilik dituen Itsasoko herriak daraman bidea, Ezkiotik berriro bereizteko. Azken finean, araudi berak onartzen du, Frankismo garaian elkartzea beharturiko herriak beren udalerri izaera berreskuratzeko eskubidea.
Horretan ados, erabakitzeko eskubidearen alde egiten duen heinean, nik ez dut inolako zalantzarik jarriko. Baina badirudi, lurralde honetako EAJrentzat, duela 150 urte Igeldo irentsi zutenean, demokrazia miresgarri batean bizi zela Gipuzkoa. Alegia, ez zen gerrarik izan, ez absolutismorik existitzen, ezta gobernu militarrik, gutxiago administrazio liberalen interesik Donostiako hiri inguruan diren mendiak eskuratzeko.
Berdin zaie gure herriko gehiengoak zer nahi duen. Nahikoa diagu!
Jose Ignacio Galparsoro, Itsas Aurreko kidea