Delinkuentziak %4 egin du behera urtebetean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datu estatistikoen arabera. Ondarearen aurkakoak dira delitu nagusienak, lapurretak bereziki.
Udaltzain talde bat. (Argazkia: Nagore Koch)
Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren jardueren ondoriozko datu estatistikoen arabera, hirian delinkuentzia jaitsi zen iaz. Izan ere, 2013. urtearekin alderatuta, delituek %4 egin zuten behera –6.621 iaz, 6.887 2013an–. Azken urteetako etxebizitzetan eginiko lapurreten goranzko joera, adibidez, eten egin da, eta 2014an murriztu egin da lehenengoz.
Hain zuzen ere, delitu mota nagusienak ondarearen aurkakoak dira, lapurretak bereziki, eta hauek %3,94 murriztu dira. Etxe barruko lapurreten kopuruak lehen seihilekoan nabarmen egin zuen gora, baina ekainean plan bat ezartzea erabaki zuten eta arrakasta lortu zuen. Hala ere, delituen estatistiketan garaje, trasteleku, atari eta patioetan egiten diren lapurretak atala gehitu behar izan dute, horiek %72 hazi baitira.
Indarkeriarekin zerikusia duen delinkuentziak alarma sozial handia pizten du, hau da, lesioak, sexu erasoak eta indarkeria bidezko lapurretak. Bada, Donostian %4 jaitsi ziren era horretako delituak. Esparru publikoetan polizia hiriko erdialdeko kaleetan jendetza biltzea espero den ekitaldietan izan da, eta kanpoaldeko auzoetan poliziaren presentzia areagotu dute, auzotarrek etxerako itzulera segurtasun handiagoarekin egin ahal izateko.
Iaz ez zen hilketarik egon Donostian, baina familiako ohiko tratu txarren delituak %16 hazi ziren. Azkenaldian garrantzia handia du biktimek gero eta kontzientziazio handiagoa izatea. Lehen isilpean gordetzen ziren erasoak, eta orain asko salatu egiten dira. Salaketak igotzearen arrazoia hori izan daiteke.
Bestalde, droga trafikoaren delituak %35 hazi dira. Bide segurtasunari lotutakoak, berriz, nagusiki alkoholemiak, %7 jaitsi dira.
DELINKUENTZIA, 2014AN
Auzoz auzo
- Aiete. 432 delitu iaz (441 delitu, 2013an).
- Altza-Herrera. 823 (809).
- Amara. 1.295 (1.228).
- Antigua. 723 (816).
- Añorga. 203 (213).
- Ategorrieta-Ulia. 256 (237).
- Erdialdea. 2.498 (2.579).
- Egia. 666 (769).
- Gros. 1.497 (1.548).
- Ibaeta. 260 (244).
- Igeldo. 39 (48).
- Intxaurrondo. 613 (673).
- Loiola. 455 (376).
- Martutene. 187 (152).
- Mirakruz-Bidebieta. 238 (282).
- Miramon-Zorroaga. 53 (57).
- Parte Zaharra. 1.858 (1.941).
Delituak
- Ebasketak. 1.803 delitu iaz (1.706 delitu, 2013an).
- Indarkeria eta larderia bidezko lapurretak. 284 (320).
- Etxe barruko lapurretak. 406 (438).
- Bestelako eraikinetan eta eraikin atxikietan eginiko lapurretak. 430 (249).
- Indarkeria bidezko lapurretak beste leku batzuetan. 1.222 (1.497).
- Ibilgailuak ebastea. 232 (178).
- Iruzurrak. 154 (326).
- Lesioak. 102 (92).
- Sexu erasoak. 25 (16).
- Atxilotuak. 1.088 (1.159).
- Agindu judizial baten bitartez atxilotutako pertsonak. 150 (151).
- Auzipetuak. 1.297 (1.362).