Mendizaletasunari buruzko erakusketa bat ikusgai jarri dute, maiatzaren 18a arte. Iragana eta oraina ditu hizpide, eta kirolak Euskal Herrian duen eragina aztertu dute hainbat alderditatik.
Lau ataletan banatu dute erakusketa. (Argazkia: Oskar Moreno Genaro)
Euskal mendizaletasuna oinarri hartuta, Mendia izeneko erakusketa osatu dute San Telmo Museoan. Vasco de Camping elkarteak eta museoak berak egindako elkarlanari esker.
Bertan, hainbat alderditatik aztertu dute mendizaletasuna; kirol, giza eta kultur ikuspegietatik, hain zuzen ere. Erakusketa oparoa osatu dute eta maiatzaren 18a arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Mendizaletasunaren une historikoak azaltzeaz gain, euskal gizartean dagoen zaletasuna islatu dute; irrika kolektiboa, eta alderdi kulturalak, erlijiosoak eta sozialak kontuan hartuta.
Zehazki, Antxon Iturrizaren lan dokumental batean oinarritu dira erakusketa osatzeko garaian: Historia testimonial del montañismo vasco osatzen duten hiru aleetan bildutakoa. Hala, lau arlotan banatu dute erakusketa: Mendiaren liturgia, Mendiaren aurkikuntza, Konkistaren espiritua eta Mendia gure ispilua.
Mendiaren liturgia atalean, objektu eta adierazpenen bidez, mendira irtetzerakoan mendizaleen asmoak eta balioak zeintzuk diren eta zerk bultzatzen dituen adierazi dute.
Mendiaren aurkikuntza atalean, lehen mendizaletasuna bultzatzen duten ideiak azaldu dituzte, eta beren eragina Euskal Herrian; euskal mendietan egin ziren lehen ekintzetan, eta munduan zehar –Himalaiara gerturatzerarte– ibili ziren antzindariengan, 1936ko gerrak bidea eten zuen arte.
Konkistaren espiritua espazioan, berriz, Bigarren Mundu Gerra ondoren, banderak zortzi mila metroko mendietara eramateko nazioak lehian aritu zirela ikus daiteke: frantziarrak Annapurnan saiatu ziren, britainiarrak Everest mendian, italiarrak K2n, txinatarrak Shisha Pangman…
Azkenik, Mendia gure ispilua, mendira hurbiltzeko moduan islatzen da zer garen eta zer izan nahi dugun. Mendiak hainbat eztabaida pizten ditu helburuei, helburuak lortzeko moduei, balioei, estiloari, kontraesanei buruz, nola mendikate garaienetarako espedizioetan hala ibilaldi xumeenetan.
Euskal Herrian mendizaletasuna oso ohiko praktika dela argi utzi dute erakusketaren bidez. Mendira hurbiltzeko moduan islatzen da zer garen eta zer izan nahi dugun, erakusketako arduradunen esanetan.
Reinhold Messner izan zen zortzi milatik gorako hamalau mendietara igo zen lehena, 1986an. Kopurua bera baino garrantzitsuagoa izan zen, ordea, erronka nola bete zuen. Izan ere, oxigeno artifizialik gabe igo zen gailurretara, bide berriak jorratuz.
Garai hartan, goi euskal alpinismoak garapen izugarria bizitu zuen. Gertaera ezagunenak honakoak izan ziren: zortzi milatik gorako hamalau mendien igoaldien zerrenda –Juanito Oiartzabal, Edurne Pasaban (lortu zuen munduko lehen emakumea)–, Felix eta Alberto Iñurrategi anaien Himalaiako espedizioak, Josune Bereziartu eta Pou anaien eskalada ibilbidea….
40.299 federatu
Edonola, mendizaleen zerrenda etengabea da, Euskadiko eta Nafarroako Federazioek 40.299 federatu dituzte guztira –14 federatu, mila biztanleko–, eta beste hainbat eta hainbat federatu gabe joaten dira mendira.
Gainera, elkarte askok urte osorako txangoak programatzen dituzte, eskalada-eskolak ere hor daude, mendiko lasterketak, iraupen luzeko martxak… Datuak emateaz gain, erakusketa ixteko, hainbat mendizale, idazle eta pentsalarien hausnarketak bildu dituzte.
Bisita pertsonalizatuak egingo dituzte
Mendia izeneko erakusketa ikusteko bisita pertsonalizatuak ere egingo dituzte San Telmo Museoan, eta bertan parte hartzea doakoa izango da. Hala ere, aurrez izena eman beharko dute interesa duten herritarrek, 943-481561 telefonora deituta edo stm_erreserbak@donostia.org posta elektronikora idatziz, hain zuzen ere. Ostegunetan izango dira bisitak, 18:30ean.
Lehena atzorako zegoen iragarrita, Ander Izagirreren eskutik, euskaraz. Apirilaren 16an, Julio Villarrek zuzenduko du bisita, gazteleraz; apirilaren 23an, Ainhoa Lendinezek, euskaraz; maiatzaren 7an, Maria Luisa Alonsok, gazteleraz; eta maiatzaren 14an, Antxon Iturrizak, euskaraz.
Beste jarduera batzuk ere egingo dituzte. Bisita gidatuak dituzte larunbatero: 12:30ean, euskaraz; eta 17:30ean, gazteleraz. Familientzako tailerrak ere badaude. Martxoaren 28an, esaterako, erakusketaren edukien inguruko sorkuntza tailerra egingo dute, 17:00etan. Museoko sarrerak hiru euro balio ditu, baina astearteetan sarrera doakoa da.