Korrika Kulturalaren barruan bertso bazkaria egin dute Auzoenean, Egoitz Aizpuru eta Unai Muñoarekin.
Giro aparta izan da Auzoeneako bertso bazkarian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Bidebietako Auzoenean Korrika Kulturala ospatu dute gaur. Egun osoan ibili dira Eltzegor Bidebietako EKEko kideak lanean, bertso bazkaria prestatu eta auzotarrentzat giro paregabea antolatuz. Horrela, datorren igandeko Korrikari ongi etorria egiteko prestatu dira auzotarrak. Ez da gutxirako; datorren igandean Korrikak Bidebieta zeharkatuko du, eta lehen auzoa izango da lekukoa jasotzen.
Egitarau oparoa izan dute; 14:30ean bertso bazkaria antolatu dute, sei eurotan. Auzoenean bertan egin dute bazkaria, eta gonbidatuen artean izan dira Egoitz Aizpuru eta unai Muñoa bertsolariak. Bazkaria Auzoeneakoek prestatu dute; entsalada, oilaskoa eta flana, sagardo eta ardoarekin lagunduta. Haurrentzat, gainera, espagetiak prestatu dituzte.
Giro polita sortu da Auzoenean; lehen aldia izan da Korrika Kulturalaren harira ekintzak antolatu dituztena, eta hogei lagun inguru biltzea lortu dute. Antolatzaileak pozik egon dira, auzoa euskararen eta kulturaren alde lanean hasi den seinalea delako.
Bazkariaren ondoren, bi bertsolariek saio aparta egin dute; bertaratutako guztientzat izan dituzte hitzak, eta irribarreak sortu dituzte aurpegietan. Eguna borobiltzeko, haurrentzat ipuin musikatua eskaini du Auzoenean Badut taldeak.
Auzo mugimendua sortuz
Auzoeneak bi urte darama lanean, eta lehen aldia da Korrika Kulturala antolatzen dutena. Ez da erraza izan, dena borondatez egin behar dutelako. Antolatzaileen esanetan, Bidebietan euskarak ez du presentzia handirik, baina bada errealitate hori aldatzeko nahia, batez ere familien artean. 50 lagun inguruk parte hartzen dute Auzoenean; Bidebietako librutegi eta kultur etxe funtzioak betetzen ditu, auzotarren behar kultural eta aisialdikoak betez. Gaurko bazkariaren eta Korrikaren ondoren, maiatzeko festei begira jarriko dira, auzotar gehiago erakartzeko helburu irmoarekin.
[Gallery=175]