Aste Santua ondoren esleituko dituzte Egiako bidegorriaren lanak, eta hiru hilabetez luzatuko dira. Udalak 259.929 euro eskainiko dizkio proiektuari.
Mandasko Dukearen pasealekuko bidegorria. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Egia auzoaren eskaera historiko bati erantzunez, udalak bidegorria egingo du aurki, Tokiko Gobernu Batzordeak Egiako bidegorria eta 30 eremuaren proiektua eta lizitazioa onartu baitzituen joan den astearen bukaeran.
Auzoko elkarteekin batera diseinatu dute proiektua, aspaldiko eskaerari erantzuna emanez: «Kalapiek lehen proposamena egin zuen eta, gero, urtebetez landu da auzotarrekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu elkarteari eta auzotarrei parte hartzeagatik, bai eta udal teknikariei ere, guztiek lagundu baitute pertsonen neurrira egindako auzo bat diseinatzen. Parte-hartzea eta konpromisoa oso handiak izan dira denon partetik eta, hala, agerian gelditu da posible dela proiektuak egitea administrazioaren, elkarteen eta herritarren artean», adierazi du Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk.
Proiektuan jasotako bidegorria Egia kaleko erdialdetik igoko da –8 metroko zabalera izango du–. Bidegorriaren beheko marrazkia bi zentzutakoa izango da, igarobidetik Ametzagaina kaleraino (370 metro). Hortik Loiolako zubiraino, bidegorriak norabide bakarra izango du (300 metro).
Auzo goialdean bidegorria bi zentzutakoa izango da, eta 1.000 metro izango ditu, Ametzagaña kaletik Ametzagaña parkeraino.
Zinegotziak aipatu duenez, San Kristobal, Telleria, Karmengo Andre Maria kaleetan, Luis Martin Santos plazan, Konkorrenea eta Aldakonea kaleetan 30 kilometroko abiadurara murriztuko dute zirkulazioa, bizikletei lehentasuna emanez. Horrela, 30eko bide zatietan txirrindulariek izango dute lehentasuna, eta bizikleta galtzada erditik ibil dezaketeke –zirkulaziorako errei bat izango dute, noranzko batean–.
Gainera, proiektuak dBiziko geltoki berri bat ere aurreikusten du, hiriko 17.a, eta Egia auzoko aurrenekoa. Karmengo Andre Marian egongo da, Telleria kaleko bidegurutzean.
Albizuk nabarmendu du oinezkoentzako hobekuntzak ere egingo dituztela, hala nola, Egia kalean espaloia 100 metro luzatzea eta Mandasko Dukearen kaleko bihurgunean espaloia 25 metro luzatzea; bestalde, Ametzagaña kalean, Baztan kaleko sarbidean, oinezkoentzako hobekuntzak ere egingo dituzte. Gainera, San Kristobal eta Karmengo Andre Maria kaleak eta Iruresoro igarobidea berrantolatuko dituzte. Dena den, obren ondorioz 12 aparkaleku galduko ditu auzoak.
Informazio eguna
Irutxuloko Hitzak joan den azaroan eman zuen Egiako bidegorriaren proiektuaren berri. Hain zuzen ere, auzoko eragileek jardunaldi bat antolatu zuten azaroaren 29an, egitasmoaren xehetasunak bizilagunei jakinarazteko, egindako lankidetzaren harira.
Bidegorria, egun, Mandasko Dukearen pasealekuan amaitzen da, eta ez da auzoaren barrualdean sartzen. Lanak amaituta, ordea,Tabakaleratik Egia kalean gora egingo du, Loiolako zubiraino.