Bizkaiko hiriburuan amaituko da Korrika, hilaren 29an; 1980. urteaz geroztik, zazpigarrenez izango da euskararen aldeko tropelaren helmuga. Hirira duela lau urte iritsi zen azken egunean.
Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano, Korrika Donostian amaitu zen azken urtean. (Argazkia: Mikel Goñi)
Urepeletik abiatu zen apirilaren 19an Korrika, eta Bilbon amaituko da hilaren 29an, igandearekin, bi mila kilometro baino gehiago osatu eta gero.
Duela hamar urte amaitu zen azkenekoz Bizkaiko hiriburuan. Horrenbestez, Bilbo euskararen aldeko tropelaren ekitaldi nagusiaren lekuko izango da berriro. 2005. urteaz geroztik ez da horrela izan, baina Korrikaren helmuga askotan eraman dute Nerbioi ibai ertzera; zazpi aldiz, hain zuzen ere, aurtengoa kontutan hartuta.
Bilbotarrek ez dute gabarra aterako, baina harro esan dezakete inork ez duela eurek bezain beste aldiz Korrika amaitzen ikusi. Donostiarrekin duten lehia historikoa, esaterako, aise bereganatzen ari dira. Izan ere, etxekoek lau aldiz jaso dute Korrika azken egunean.
Bigarren dago Donostia sailkapenean, baina Bilbo urrun dauka oraindik. Bizkaitarrak Korrikaren lehen ekitaldian aurreratu ziren markagailuan, 1980. urtean. Oñatitik abiatu zen orduan tropela, azaroaren 29an, eta Bilbora abenduaren 7an iritsi zen. Lehen ekitaldi hartako datak ez zuen gaur egungoarekin zerikusirik izan, neguaren atarian antolatu baitzuten. Kasu horretan, Zuk ere esan bai euskarari leloarekin egin zuten.
Hiru urte geroago, 1983an, Baiona eta Bilbo lotu zituen Korrikak, Euskaraz eta kitto! lelo indartsuarekin. Aurreko urtean Donostiak lortutako berdinketa hautsi zuten bizkaitarrek, eta urte horretatik aurrera abantaila mantendu eta handitu zuten. Hirugarren gola 1987. urtean iritsi zen, tropela Hendaian abiatu zen urtean. Euskara, zeurea izan zen leloa, eta bilbotar talde batek, Oskorrik, musikatu zuen euskararen aldeko jarduera. Derbia bereganatzen hasiak ziren dagoeneko.
1993. urtean, Iruñean hasi eta Bilbon amaitu zen Korrika, laugarren aldiz, Denok maite dugu gure herria euskaraz leloarekin. 1997. urtean etorri zen bosgarrena, Gozategiren Euskal Herria Korrika abesti ezagunarekin. Txuri-urdin aitortuak dira Orioko musikariak, baina Oñatiko Arantzazuko santutegitik abiatutako ekitaldi hura Bilbon amaitzen ikusi zuten, bai beraiek eta baita Euskal Herri osoak ere. Gozategiren abestiaren izenburu bera zuen urte hartako leloak.
Seigarren eta azken gola, bederatzi egun barru etorriko den zazpigarrenaren zain, 2005. urtean iritsi zen. Orreagan hasi eta Bilbon amaitu zen Korrika, Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! leloarekin.
Iruñean eta Baionan hiru aldiz amaitu da Korrika; eta Gasteizen, bitan. Bilbo begiz jota du Donostiak, baina hobe luke beste hiriburuak bistatik ez galtzea sailkapenean behera egin nahi ez badu, gertu baititu, oso gertu.
‘Euskalakari’
2011. urteko Korrika, Bulebarreko helmugara iristen. (Argazkia: Mikel Goñi)
Donostian 2011. urtean amaitu zen Korrika azken aldiz; duela bi ekitaldi, hain justu. Trebiñun abiatu zen urte hartan, Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari leloarekin. Esan bezala, Gipuzkoako hiriburua laugarren aldiz izan zen Korrikaren helmuga. Euskal Telebistako Mihiluze saioko lan taldeak hartu zuten azken kilometroan lekukoa, eta Ilaski Serrano eta Kike Amonarrizek irakurri zuten mezua.
Lehen aldiz amaitu zeneko urtea, berriz, Korrika sortu eta bi urtera izan zen; 1982an, alegia, AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde lelo luzearekin. Akelarre musika taldeak egin zuen orduko kanta, eta Iruñetik irten zen.
Antolatzaileek oztopo ugari izan zituzten jardueraren bezperatan; Nafarroan Gobernu espainoleko ordezkari Francisco Javier Asuategiren mehatxua, tartean. Nafarroatik igarotzeko debekua ezarri zuen azken unea arte. Urte hartan, gainera, ika-mika latzak sortu ziren diru laguntzen kontura; Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) sostengurik ez ematea erabaki zuen, lehen ekitaldian izandako zenbait gertaerek eraginda.
Testuinguru horretan antolatu zuten, horrenbestez, Korrika 2. Giroa gehiago nahas ez zedin, eguraldi kaskarraren beldur, jardueraren data aldatzea erabaki zuten. Elurtutako lehen ekitaldia azaroaren bukaeran eta abendua hasieran egitea erabaki zuten bitartean, 1982tik aurrera udaberria aukeratu zuten.
Lehen Korrikan lekuko barruan gordetako gutunaren egile Rikardo Arregiri egin zioten omenaldia urte hartan, Donostian. 1980an irakurri izan ez zuten mezu bera zabaldu zuten lau haizetara –lehen ekitaldian, elurra zela eta, mezua galdu egin zen bidean–.
Amaiera ekitaldia 1989an antolatu zuten bigarren aldiz hirian, Iruñetik irten eta gero, orduan ere. Korrika 6 Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK leloarekin ibili zen han eta hemen. Esaldi hori aldarrikapen gisa irudikatu zuten, agintarien aldetik oztopoak jaso baitzituzten berriro. EAJ eta Euskadiko Ezkerra (EE) diru laguntzak ematearen aurka agertu ziren, Korrikak gizartearen babes zabala izan arren.
Korrika 6 berezia izan zen, Joxe Miel Barandiaran omentzeko balio izan zuelako. Ikertzaile ataundarrak 100 urte bete zituen urte hartan. Ez zuen amaiera ekitaldian parte hartzerik izan, baina, petoa jantzita, lasterketa agurtzera bertaratu zen, lasterkarien gozamenerako.
1999an Korrikaren hamaikagarren edizioari egokitu zitzaion txanda, hau ere Iruñetik abiatu eta Donostian amaitu zena, hirugarrenez. Berritasun nagusi bat izan zuen; bakarra beharrean, omenduak hamaika izan ziren. 1+1=Hamaika leloarekin, euskararen alde hamaika arlotan egindako lanagatik hamaika pertsona eta erakunderi ohore egin zieten.