Eltzegor elkarteak eta Auzoeneak bat egin dute auzoa behar bezala girotzeko, igandeko egun handiaren atarian. Bidebietarrak Korrika jasotzen lehenak izango dira Donostian, tropela 08:33an iritsiko baita Trintxerpetik.
Larunbatean egindako berto bazkaria. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskararen aldeko tropela iritsi aurretik prestatutako egitarauari Korrika Kulturala izena ematen zaio. Hainbat jarduera egin ohi dituzte Korrikaren atarian, auzoz auzo, eta horietako batzuk joan den larunbatean antolatu zituzten Bidebietan; Auzoenean egindako bertso bazkaria, tartean. Irutxuloko Hitza bertan izan zen, auzotarren iritzia jasotzeko. Izan ere, bidebietarrak izango dira Korrika jasotzen lehenak Donostian. Goiz jaiki beharko dute horretarako, 08:33an sartuko baita tropela auzoan, Trintxerpetik –ikus auzoetako ordutegia, 16. orrialdean–. Pasai Antxora abiatuko da ondoren. Altzara igoko da gero, bertatik Donostiaranzko bidea berriro hartzeko.
Eltzegor euskara elkarteak egun osoko egitarau oparoa prestatu zuen asteburuan, Auzoeneako kideekin elkarlanean. Eltzegorreko kide Haizea Busto pozik zen emaitzarekin: «Lehen aldia da Korrika Kulturalean parte hartzen dugula, eta hogei lagun biltzea lortu dugu bazkarirako. Oso pozik gaude, horrek esan nahi duelako jendea inplikatuta dagoela».
Igandea egun garrantzitsua dela aitortu zuen, baita aurreko egunak ere: «Bidebietan ere euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko baliatu dugu Korrika. Auzoan ez dugu ez kultur etxerik, ez liburutegirik, eta ez dago auzotarrek aisialdiaz gozatzeko lekurik. Ondorioz, Pasaia edo Grosera joan beharra dugu. Baina Auzoenearekin behar horri erantzuna ematea da gure helburua».
Auzoeneako kide Maite Cuestak iritzi berekoa dela esan zuen: «Bazkari hau prestatzea oso garrantzitsua izan da guretzat; hau hasiera besterik ez da, hemendik lanean jarraituko dugu, Bidebietako auzotarrek euskara eta kulturaz gozatzeko gunea eta espazioa izan dezaten. Duela bi urte sortu genuen Auzoenea, eta bi Euskararen Egun antolatu ditugu, oso arrakastatsuak biak. Orain, Korrikaren harira, jendea hona etortzeko animatzeko erabili dugu igandeko jaia, eta erantzuna oso ona izan da».
Auzotik auzoarentzat lan egiten ari direla berretsi zuen Pilartxo Calvok, Auzoeneako kidea hau ere: «Bidebieta ahaztutako auzoa izan da Donostian, urte askotan. Orain, Auzoenean egiten ari garen lanari esker, euskarazko aisialdi eta jarduerak eskaintzeko gai gara. Pixkanaka aurrera egitea espero dugu; Auzoeneak behar asko ditu oraindik, baina auzotarrok badugu lanean jarraitzeko borondatea».
Auzoeneako beste ordezkari batek, Gema del Riok, esku artean duten egitasmoaren espiritua laburtu zuen: «Proiektu hau autokudeaketan oinarritzen da; auzokoa da, auzokoentzat egina. Hori da Auzoenearen helburua, ez dugu kanpotik inor etortzea nahi, guk kudeatzea da gure nahia. Hasi ginenean eraikin hau hartu genuen, Bidebieta Bizirik dinamikatik errotuta, eta dagoeneko txikia gelditu zaigu».
Lan egiteko erari buruz ere mintzatu zen: «Zortzi-bederatzi taldetan banatuta gaude, eta bertso eskola, musika eta antzerki tailerrak eta adin guztientzat jarduerak antolatzen ditugu, euskara, kultura eta aisiaz gozatzeko aukera izan dezaten Bidebietako auzotarrek. Orain, gainera, zunba eta dantza latinoen ikastaroak eskainiko ditugu, jende gehiago erakartzeko. Dena den, gure helburu nagusia familiak erakartzea da, haietan daudelako euskal hiztun kopuru handienak».
Bizilagunek begi onez ikusten dute Bidebietan egiten ari diren lana. Hala aitortu zuen Tere Lorenzo erretiratuak: «Bidebietakoa naiz, bizitza osoa igaro dut hemen. Nik ez dakit euskaraz, baina nire seme eta ilobek badakite; asko pozten dit horrek. Nire alaba Auzoeneako kidea da, eta nik ere ahal diren jarduera guztietan parte hartzen dut».
«Oso ona» auzoarentzat
Auzoak behar handiak dituela nabarmendu zuen: «Erretiratuentzat ez dago ezer, baina ezta haur, gazte eta helduentzat ere; Auzoenean tailerrak antolatzen dituzte, eta, nire ustez, oso ona da auzoarentzat egiten ari diren lana, adin guztietako jendea kontutan hartu dutelako».
Basil Dimitrov, Bulgariako etorkina, 2006tik Bidebietako bizilaguna da. Katalina emaztearekin etorri zen auzora bizitzera, eta bere seme-alabak hemen jaio dira. Semeek euskaraz dakite, beraiek ez. Dimitrov larunbateko bertso bazkarian izan zen: «Bidebietara etortzea erabaki genuenean, hasiera ez zen erraza izan, baina segituan ongi etorria egin ziguten. Orain gure haurrek ikastolan ikasi dute, euskaraz, eta horri esker hobeto integratu gara auzoan. Auzoeneara askotan etortzen gara, haurrentzat jarduera asko antolatzen dituztelako. Asko gustatzen zaigu hemen bizitzea».
Bidebietakoak ez izan arren, Unai Muñoa eta Egoitz Aizpuru bertsolariek gustura kantatu zuten bazkarian. «Maite Cuestak egin zidan etortzeko eskaera; aurrekotan parte hartu izan dut halako gauzetan, Korrika Kulturalean ere, eta dudarik gabe eman nion baiezkoa. Polita da ikustea nola auzotarrek adin guztietako jendea bildu duten, Auzoenean», adierazi zuen Muñoak. «Unaik deituta etorri naiz, eta lehen aldia da Korrika Kulturalean parte hartzen dudala. Asko gustatu zait Auzoenean egiten ari diren lana, kontuan hartuta Bidebietan oso txikia dela euskal hiztunen kopurua. Harrera aparta egin digute, eta aurrera egin dezaten espero dut», erantsi zuen Aizpuruk.
Diana joko dute, auzotarrak esna daitezen
Esan bezala, Korrikaren 19. ekitaldia igandean iritsiko da Bidebietara, 08:33an, Trintxerpetik. Auzotarrak, hala ere, lehenago geratuko dira hankak eta burua esna izateko. Hain zuzen ere, 8:00etan, diana joko dute auzoan.
Korrika Txikiari dagokionez, haurrei zuzendutako korrika saioa bihar egingo du haur txokoak, 16:30ean, Bidebietako gaztetxoek euskararen alde ere lasterka aritzeko aukera izan dezaten.
Gora eta behera ibili ondoren, korrika egiteak saria izango du haurrentzat. Izan ere, Korrika Txikia amaituta, txokolate jatea antolatuko dute Isasa parkean.