Xabier Vazquez: 'Txu txu klub man'
Jokalari handi batek utzi du kluba. Futbologiaren klubaz ari naiz. Xabier Etxanizek bere futbologo karrerari amaiera ematea erabaki du. Auskalo, agian berriz ere itzuliko da; oraingoz, ordea, klubarekin zuen kontratua eten du. Bi aldeen arteko akordioz, ez da klausula edo atzeko jokorik egon.
Futbolzaleok ohituta gaude agur hauetara, jokalariei beti iristen baitzaie uzteko garaia. Garrantzitsua izan ohi da norberak uztea, futbolak norbera utzi aurretik. Kasu honetan, Etxanizek ez zuen gaitasunik galdu, urte dexenteren ondoren beste zeregin batzuei ekitea erabaki du.
Lasai, uzten duen zulo handia beteko da jokalari berriekin. Etxanizek, baina, zulo are handiagoa utziko du. Nirea, hain zuzen ere. Irakurtzen ari (ez) zaren Futbologia honen erruaren zati handia Etxanizena da, berak konbentzitu zuen Futbologiaren Administrazio Kontseilua eta Zabala managerra ni fitxa zezaten. Velak Finnbogason gomendatu balu bezala, beti da abantaila taldeak fitxaketa txarrak egin izana fitxaketa onak (edo erdipurdikoak) hobeto baloratzeko.
Etxanizekin batera bi klubetan hartu nuen parte, Futbologian eta AEKn, non baino non kategoria altuagoa. Two club man (eta baita gehiago ere) gara. Futbol jokalariek, ordea, ez dute bi klubetan batera aritzeko abantaila. Ziur Illarramendi gizajoak Realean jokatzea eta Real Madrileko dirua eta tituluak uztartu nahiko lituzkeela. Aukeratu behar izan zuen. Baina, aizue, astelehenean hortxe zen bere bihotzeko kluba ikusten. Akaso bere hurrengo taldea?
Bere bihotzeko kluba diodanean Realaz ari naiz, ez Getafez, gaizto halakoak! Eta ez dugu uste Asierrek Granero eta Rivasen aurkako bidea egingo duenik, ez? Rivas eta Granerok, Atletico eta Madrilen harrobietan ibili ondoren, Getafetik pasa ziren, euren nahi taldeetara itzuli eta berriz exilioan ateratzeko. Besteak beste, hona. Rivasen kasuan, Gipuzkoa gustatu bide zitzaion, Realak kontratua ez berritzeko astakeria hura egin zuenean Europako ehundaka talderen eskaintzak edukita ere, Eibarren bukatu baitzuen. Halako jokalariak two club man baino txu txu klub manak dira, batetik bestera bueltaka.
Realean hazi eta lehen talderako maila ez duten jokalariekin berdin gertatzen da. Halere, Reala oso guraso esku zabala da eta askotan maila apartekorik gabe ere lehen taldean mantendu ohi ditu jokalari batzuk. Beste batzuk, ordea, maila altuagoa emanda hor zehar ibili dira, Alonso eta Illarra moduan. Baina realzaleok, Biblia irakurle finak garenez, beti gaude prest beso eta esku zabal jasotzeko gure seme prodigoak.
Halere, oso harro gaude bihotzetan eramaten gaituzten jokalariekin, urrezko danbor eta guzti ematen diegu. Baita hemen urte batzuetan aritu ostean 25 urte ondoren itzultzen direnekin ere, noski. Baina askotan harrotasun bera pizten ez diguten arren, egunetik egunera beraiek ikusteaz aspertu garenez etxekoak dirudizkigun arren, nahiago hemen ibilbide luzeak egitea eta ez urrutitik beraiekin gogoratzen garen jokalariak.