Unai Elizasu: 'Ahal'
Dugu. Dut. Duzu. Duzue. Duk eta dun.
Badira festak, eta festak. Badira aldarriak, eta aldarriak. Badira egunak, eta egunak. Badira zalantzan jarri litezkeen gauzak, eta zalantzan jartzeko arrazoi gutxitxo dituzten gauzak.
Ez dizuet ukatuko, baina zenbait festa, aldarri eta egunek sortzen didate kopeta belzteko aski arrazoi. Eta badira, festa, aldarri eta egunak, entzun, ikusi edo irakurri orduko, begirada eta irriparrak, batera argitzen dizkidatenak.
Xalbador nor zen ezagutu aurretik, kantatzen genuen Leteren kantu hartan agertzen zen herria zen Urepel. Mapa batean, non kokatu ez genuen jakingo. Baina, nire memoriaren pentagraman agertzen zinen, emoziozko hitz larriz agertu ere. Nork ez ote du Leteren kantua, tonoz irtetearen beldurrik gabe kantatu?
Urepelen hasiko da aurtengo Korrika. Eta hau idatzi dudala, irriparrez zergatik ote nagoen galdetu dit lagunak. Ba bai, korrika entzun, eta irri egin, eskutik doaz. Eskutik goaz.
Gogoan dut, lagun korrikazalerik ez nuen garai hartan, etxetik irten nintzela, zapatilak ondo estutuak nituelarik. Banekien non eta noiz egon behar nuen. Buenabistako bidegurutzean. Altzara bertatik sartzen zen. Aldapa ere, bertan hasten zen.
Pasai antxotik zetorren furgoneta. Megafonian, Tapia eta Leturiaren kantua topera. (ez dakit
zenbat urte pasako ziren, baina hau idazten ari nintzela, euren kantua etorri zait burura…). Gure parera iritsi eta, jendea pozik, kantuan eta izerditan zen. Denak korrikan, korrika. Korrika pozik, kantuan eta izerditan. Erritmoa, furgonetak jartzen zuen. Gidaria, erlojuari begira joango zen noski. Garai hartan, GPS-a ez zen gure egunerokoan. Akaso, Korrikako gidariren bat asmatuko zuen, premiaz jabetuta, gure egunerokorako GPSa? Ez nintzen harrituko.
Pasa nintzen etxe paretik, aldapan gora eta behera. Gure auzo erdaldundutik, bertako herrikideak, pankartari helduta, pozik, kantuan eta izerditan.
Ez dakit zenbat eskuetatik pasako zen lekukoa, baina asko eta asko izango ziren… Forrest Gump bezela, neu ere, korri eta korri…baina, bera ez bezela, pozik, kantuan eta izerditan.
Ez dakit euskaldun izatea erreza den. Ez dakit, euskara ikastea erreza izan zaien euskaldunberriei. Ez dakit, euskara ikasten saiatu eta utzi dutenek, utzi izate hutsa zail edo erreza izan zaien. Baina, badakit, Urepeletik Bilborako bidean, pozik, kantuan eta izerditan egiteko aukera paregabea dela.
Beraz, Xabier Letek kantatzen duen bezela egin dezagula korrika, tonoz irteteko beldurrik gabe. Finean, horixe behar dugu, tonoz irteteko beldurrik gabe, pozik, kantuan eta izerdia botatzeaz gozatu.
Ahal dut. Ahal duzu. Ahal dugu. Ahal duzue. Ahalduna dana, Euskahaldun da.